
Zazpi liburu ditu gogoan Toti Martinez de Lezeak. Eraikiko duen lurralde fantastiko bakoitzeko bat. “Endalur” izan zen lehena, ordura arte bere literaturgintzan oinarri izan zuen nobela historikoaren eredua eleberri fantastikoarekin nahasita osatu zuen lehendabiziko argitalpena. Eta hark irekitako bideari jarraitzen dio bigarrenak, Erein-ekin argitaratu berri duen “Arbasoen ituna”-k: «Badira urte batzuk ideia otu zitzaidala. Batetik, gustuko ditut eleberri fantastikoak eta, gainera, gure mitologia oso aberatsa bada ere ez dago iruditeria komun bat... Mitologia nordikoan, adibidez, Odin eta bere semeen arteko borrokak eta abar kontatzen dira, baina gure mitologiako pertsonaien artean ez dago interakziorik. Horrek eraman ninduen ‘Endalur’ idaztera», azaldu zuen liburuaren aurkezpenean.
Joxemiel Barandiaranek eta beste hainbatek ohitura eta kondairen berreskurapenean egindako lana ohoratu zuen idazle gasteiztarrak, «Elizaren eraginagatik itxuraldatuta iritsi baitzaizkigu. Haiei esker, baserriz baserri galdezka ibili zirelako eta ahozko transmisioa idatziz eman zutelako, izenak, ohiturak, usteak iritsi zaizkigu eta nik egin dudana horiei forma ematea izan da».
Denboran, VI. eta VII. mendeen artean kokatu du eleberria, erraldoi, herensuge, Tartalo, jainkosa... eta hainbat etniaz osatutako herrialde batean. «Zazpi lurralde sakratu daude bertan eta, bizi banaiz bederen, horietako bakoitzarekin liburu bat idazteko asmoa dut», zehaztu zuen Martinez de Lezeak.
Endalur izan zen lehen «lurralde sakratua». «Eleberrietan agertzen diren paisaia guztiak daude gutxiago edo gehiago errealitatean existitzen den paisaia bati lotuta. ‘Endalur’ argitaratu nuenean, denek uste izan zuen Anboto zela. Baina ez, Endalur, errealitatean, Orhi mendia da», nabarmendu zuen. Hasiera batean «lurralde sakratuen» oinarrian dagoen paisaia ezkutatzeko asmoa bazuen ere, horren inguruan sortu den «ikusmiraren eraginez» paisaiak zehazteko erabakia hartu duela esan zuen.
«Bigarren eleberria Herensugearen Mendilerroan kokatu dut. Aralarren bada kondaira ikaragarri polit bat herensuge batekin, eta hori hartu dut erreferentzia modura, daukagun mitologia aberatsa erabili egin behar delako», esan zuen. Athaun (Ataun), Ilunia (Iruñea) eta Txindoki mendia dira irakurleak identifikatu ahalko dituen benetako beste agertokietako batzuk.
Pertsonaiei dagokienez, zehaztu zuen “Endalur”-en agertu zirenetariko bi soilik eraman dituela “Arbasoen ituna”-ra. «Ez zait pertsonaiak errepikatzea gustatzen. Eta, gainera, kontakizuna lurralde ezberdin batean garatzen denez ez du zentzurik errepikatzeak», esan zuen.
Azkenik, azken urteetan egin ohi duen modura, batera argitaratu ditu jatorrizko bertsioa, gaztelaniazko “Ittun”, eta euskarazkoa, “Arbasoen ituna” (Miren Arratibel-ek ekarri du euskarara). «Ikaragarri gustatuko litzaidakeen arren ezin dut euskaraz idatzi, baina eleberriak jatorrizko bertsioan eta euskaraz batera argitaratu nahi izaten dut. Durangon biak egon zitezela nahi nuen», esan zuen.

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia
