Maite UBIRIA

Erangoko auzapeza kexu, ETAren lehergailuak eztandarazteko operazioak eliza kaltetu zuelakoan

Nafarroa Beherean kokatua dagoen Erango herrixkako auzapeza, Alexandre Bordes, kexu agertu da, ETAren lehergailuak eztandarazteko Prefeturak agindutako operazioak bertako eliza kaltetu duelakoan.

Biarnoko mugan dagoen Erangoko herrixkaren irudia, eliza ageri dela.
Biarnoko mugan dagoen Erangoko herrixkaren irudia, eliza ageri dela.

Biarnoko mugatik gertu dago Erango. 150 bat biztanle ditu Burge eta Erreiti herriekin baturik dagoen herrixkak. Donajakueko bidean plantaturik, XIII. mendeko Jasokundearen elizaz harro daude erangoarrak. Ondare historiko hori bilakatu da orain, hain zuzen ere, albiste.

Apirilaren 9an ETAren lehergailuak indargabetzeko inguruko harrobi batean Prefeturaren agindupean eginiko koltrolpeko eztandak herriko eliza kaltetu zuela-eta salaketa egin du auzapezak. Bistan dena, herriko agintariak elizak jazotako kalte horien faktura Estatuari ordainarazi nahi lioke. Anartean «meatzari-kaskoa jazteko» gomendioa eman omen dio herriko apaizari.

Iragan apirilaren 8an Baionan izan zen Armagabetzaren Egunak sekulako lurrikara sortu zuela Ipar Euskal Herrian ez ezik euskal eszena politiko osoan ezaguna zen. Ez ordea, uhin hedakorra Nafarroa Beherea eta Biarno arteko mugan kokatzen den herri xarmant bateraino heldu zela.

Erango herrian leherketa handia entzun zuten. Hain zuzen ere, gizarte zibilak ETAren armategia berreskuratu eta biharamunean, Pirinio Atlantikoetako Prefeturaren aginduz lehergailuen eztandarazi zituztelako herriko kaskotik kilometro erdi batera dagoen harrobian.

Prefeturaren esanetan, ohikoa denez, herriko etxeari dispositibo horren berri eman zioten, baita ohartarazi ere zalaparta handia entzungo zutela. Betiere iturri horien arabera, zaratatik harago beste inolako eragozpenik ez zuen sortu jardunaldi historiko baten biharamunean gauzatu zen operatiboak. Erangoko auzapeza, Alexandre Bordes, beste iritzi batekoa da. Horregatik, zortzi hilabeteko atzerapenaz bada ere, bere kexa agertu du.

‘Sud-Ouest’ kazetaren bidez plazaratu du salaketa bitxia herriko agintariak. Bere erranetan, ezohiko eztanda horrek, arroka gainean eraikitako XIII. mendeko Jasokundearen eliza nonbait ezegonkortu egin zuen. Zenbait harri eta mortero puska erori dira geroztik eta, kalte horiek ondorio latzagoak ekarri ditzaketen beldur auzapezak delibero zorrotza hartu du: «Apaizari elizan meatzari-kaskoa eramateko agindua emango diot», azaldu du Bordesek.

Herri mailako kudeaketa publikoaz arduratzen den agentziak iragan urrian eginiko txostena aldarrikatzen du alkateak. Horren arabera, kontrolpean eginiko leherketa egin ondoren «dozena bat mortero zati erori ziren». Hormetan pitzadura arrastorik ez bada ere, auzapezak, zuhurtziaz, elizaren korua erabiltzeko debekua eman du.

Apirilaren 1ean ez bada abenduaren 28an zabaltzeko moduko aproposa litzatekeen albisteak bi orri hartu ditu Ipar Euskal Herrian gehien irakurtzen den kazetan. Pierre Penin kazetariak erdi serio erdi umorez idatzi duenez, Erangoko eliza ETAren azkeneko albo biktimatzat hartu daiteke. Hala uste du, bederen, Bordes auzapezak.