Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA
Elkarrizketa
PAULINE GUELLE
EHZ ELKARTEKO JARDUNEKO LEHENDAKARIA

«EHZ ez bada ere, festibalaren datak baliatuko ditugu geroa irudikatzeko»

Hogeita bi urteko ibilbidearen ondotik Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibalak pausa bat eginen du 2018an. Eguraldi txarragatik Garro gazteluan antolaturiko aurtengo edizioa bertan behera gelditu zenetik elkartasun ekimen anitz antolatu dira. «Jasotako sostenguak indartu egin gaitu, aitzinetik zabalik genuen gogoeta bururaino eramateko», azaldu du Pauline Guelle elkarteko jarduneko lehendakariak.

Duela bizpahiru urte zabalduriko gogoetatik etorri da erabakia. Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibala ez da izanen 2018an. Alta, urtean zehar «zirimolatzen» segitzeko asmoa badu hemendik bi urtera «proiektu berri eta berritzailea» martxan jarri nahi duen elkarteak.

Aroak hala aginduta 2017ko EHZ bertan behera geratu ondoren, berehala ekaitzari aurre egiteko zirimola sortu zen...

Festibala ezeztatu ostean, aroa tarteko, berehala elkartasun ekimenak piztu ziren. Hiru sostengu gaualdi egin ziren festibalaren denboran Kanbo eta Hazparneko gaztetxeetan eta Donostiako Bukowski aretoan. Bestalde, ekainetik honat 14 ekitaldi egin dira EHZren sostenguz herrialde ezberdinetan. Ekimen parrasta burutu dira, beraz, festibalaren izpiritua zabalduz. Biziki kontent gara.

Diru arazoei aurre egiteaz gain, ekimen horien bidez festibalaren itzala zabaldu al duzue?

Festibala anulatzeak eragin zuen kostuari aurre egiteko, baita aitzineko zorrari erantzuteko ere, crowdfunding bat martxan eman zen eta, era berean, han-hemenka babes ekimenak sortu ziren. Elkartasunerako deia zabaldu genuenean argiki erran genuen ez genuela sos bilketa arrunt bat xerkatzen, baizik eta herri bakoitzaren baitatik, modu alternatiboan, ekimenak sustatzea festibalaren alde. Hala izan da, mota askotako proposamenak izan dira: haurrendako udalekuetan antolaturiko ekimenak, bertso-saioak, rock kontzertuak, film eta eztabaidak.

Esku-hartzerik izan duzue tokian tokiko ekimen horietan?

Hastapenetik zabaldu nahi izan genuen ideia zen bakoitza bere baitatik aritzea, eta gehienbat horrela gertatu da. Batzuetan laguntza ttipia eman dugu, hala nola afixak eta abarrak proposatuz, edota gure elkarteko kideen parte-hartzea galdetzen zutelarik eskaerari erantzuna emanez, baina, oro har, autonomia maila handia izan da EHZren aldeko ekimen horietan.

Aukera izango zenuten, ordea, ekitaldi bat edo beste barrutik bizitzeko. Zein atxikiko zenuke zure oroimenen kutxan?

Elkartean laguntzaile anitz garenez, bata ez bada bestea bertaratu gara. Norberak, bistan da, bere oroimenak atxikiko ditu, eta horiek denak altxorrak dira. Enetako, Amets Arzallusekin Larrabetzun antolaturiko saioa ekimen aski berezia izan zen, Bilbon ere gauza ederrak egin zituzten. Bai, aukera izan dugunean joateko, sorpresa politak atzeman ditugu. Lagun horiek eginiko ahalegina nahi genuke eskertu, indarra eman digutelako aitzina egiteko.

Gogoetaren ondotik erabakia. 2018an festibalik ez.

Hala da. Heldu den urtean ez da festibalik izanen, baina aurten Zirimola dinamika kari, hala nola Ezpeletan, antolatu dugun ekimen ereduari jarraiki 2018an ere proposamenak izanen dira.

Hala ere, hutsunea hor izanen da, uda atarian...

EHZ bezala, elkarte bezala, trantsizio urte bat markatzea deliberatu dugu, helburua 2019an finkatuz. Festibalak ekartzen duen lan zama handi hori bazterrean utzita, gogoetan lasaiki sakontzea eta ondoko urtean proiektu berri eta berritzaile batekin etortzea da gure asmoa.

Garro gaztelua iragana da?

Garro inguruan sorturikoa gure baitan atxikitzen dugu. Ezer ez da erabakita. Hori bai, festibalaren ohiko datak –ekainaren 29tik uztailaren 1era– atxikitzea gomendatzen dugu. Egun horiek geroa irudikatzeko baliatu nahi ditugulako. Betiko festibala ez bada ere, EHZ bezala zerbait bada. Adi egon, beraz.