NAIZ

Epaitegian herri harresia irudikatzeagatik epaitutako 50 lagunetatik zortzi zigortu dituzte

Zigor ekonomikoa ezarri diete epaitegian herri harresi bat irudikatzeagatik epaitutako 50 lagunetatik zortziri. Ernaiko zazpi kideak eta Topatu.eus agerkari digitaleko kazetaria dira zigortuak; publikoa, berriz, absolbitu egin dute.

Madrilen epaitutako 50 lagunak. (Topatu.eus)
Madrilen epaitutako 50 lagunak. (Topatu.eus)

Topatu.eus agerkari digitalak eman du albistearen berri: epaitegian herri harresia irudikatzeagatik epaitutako 50 lagunetatik zortzi zigortu dituzte.

1.400 euroko zigor ekonomikoa ezarri diete Topatuko kazetariari eta Ernaiko sei kideri; zazpigarrenak, berriz, 1.600 euroko isuna ordaindu beharko du. Publikoa absolbitu egin dute.

Iragan urtarrilaren 9an izan zen 50 lagunen aurkako epaiketa Alcala de Henareseko epaitegian. Bertan, azaldu zuten gazteek «protesta sinbolikoa» egin nahi izan zutela, euren aurkako auziaren «zentzugabekeria» nabarmentzeko.

Izan ere, gorazarre egitea leporatuta epaitu zituzten 2015. urtean, 2013ko Gazte Danbadan Xabier Lopez Peña zendu berria zen presoari egindako ekitaldi batean parte hartu izanagatik. Gainera, epaiketa baino aste batzuk lehenago Segi gazte antolakundearen aurkako makro-epaiketa baten baitan zazpi gazte espetxeratu zituzten, horregatik herri harresia irudikatzearena.

Angela Murillo epailearen aurrean deklaratu zuten 50 lagunek, eta sententziaren zain ziren gaur arte.