Aimar Etxeberria

Tirokatua izanik ere, errudun; migrantearen patua Italian

Joera faxista nabariko pertsona bat tiroka hasi zen hileko lehenengo larunbatean Maceratan, Italia ekialdean kokatzen den hirian, eta jatorri afrikarreko sei pertsona zauritu zituen. Gertaera, baina, euren aurka itzul daiteke; izan ere, eta hauteskunde orokorrak irabaziz gero 600.000 migrante deportatuko dituela agindu du Berlusconik.

Politika italiarrak hainbat antzekotasun ditu zirkuarekin. Esaterako, espektakulu bilakatzen da zenbaitetan, dibertimendu, irrigarri sarri. Zur eta lur gera daiteke bat aurrean ikusten ari dena medio, ikuskizuna gehiegizkoa dela eta. Bada antzeko sentsazioak sorraraz ditzake asteon eskaini duen emanaldiak. Maceratan hasi zen espektakulua hileko lehen larunbatean, eta hurrengo egunetan jo du goia politikarien adierazpenei esker. Perspektibak lausotzen du tonua, jazotakoa tragedia izan zitekeen eta.

Aipatu larunbateko 11.00k ziren 28 urteko gizon bat, bere autoaren barrenetik, jatorri afrikarreko pertsonen aurka tiro egiten hasi zenean. Zorionez, zaurituak baino ez zituen utzi erasoak: bost gizon eta emakume bat. Gertatutakoa gera zitekeen iparra galdu duen baten erokeria gisa, ez balitz ondorengo egunetan atera den informazioagatik.

Luca Traini du izena erasotzaileak, eta Italiako bandera zeraman lepoan zintzilik su egitea erabaki zuenean. Bertako prentsaren kroniketan irakur zitekeenez, agur faxista egin zuen atxilotua eraman zutenean, eta Adolf Hitlerren “Mein Kampf”-en ale bat aurkitu zuten haren etxea miatzera joan ziren poliziek. Gainera, larriena da joko politikoan parte hartua zela Traini, Lega Nord alderdiko hautagaia izan baitzen azken hauteskunde erregionaletan; zorionez, ez zen hautatua izan.

Jazotakoak berak jada nahiko larritasun badu ere, aztertzekoa eta ez sinestekoa da alderdi politiko nagusien erreakzioa, zeinak datorren martxoaren 4ko hauteskunde orokorrei begira kanpaina betean aurkitzen diren. Immigrazioaren gaiak hedabide italiarretako lerroburuetara egin du salto, eta badirudi migranteak eurak izango direla kaltetuen aterako direnak, ordezkari politiko hainbati entzundakoak entzun eta gero.

Silvio Berlusconi Forza Italia eta Matteo Salvini Lega Nord aritu dira gogorren;&punctSpace;fokua, baina, migranteengan jarri dute, erasotzailearengan jarri beharrean. Herrialdean migrante kopuruak gora egin izanak du erasoaren errua Il Cavaliereren esanetan, haren arabera «lehertu» egin daitekeen afera soziala baita immigrazioarena. Horregatik edo, 600.000 migranteren deportazioa agindu du hauteskundeak irabaztearen kasuan. Tonu berean, edo are gogorrago, hitz egin du Salvinik. Erasotzailea alderdikide duela isilean gordez, eta bere alderdiaren immigrazioaren aurkako izaera ezkutatu gabe, Gobernu zentralaren politikei bota die jazotakoaren errua: «Errua Italia immigrante ilegalez bete duten horiena da». Gainera, «arduragabea» da Erromako Gobernuak immigrazioarekiko hartu duen jarrera, betiere Lega Nordeko agintariaren arabera.

Alderdi Demokratikoa izan da erasoa gaitzetsi duen bakarra. Matteo Renzi alderdiaren hautagaiak, adibidez, jazotakoa «eraso arrazista» bat izan zela nabarmendu du. Paolo Gentiloni alderdikide eta herrialdeko lehen ministroak, berriz, italiarrei eskatu die gorrotoa alde batera utzi «eta ez gaitzala biolentziak banandu». Harrigarria suertatu da, baina, M5S Bost Izar Mugimenduaren hautagai den Luigi Di Maioren erreakzioa. Bere diskurtsoaren erdigunera eramana du immigrazioaren aurkako jarrera mugimenduak, baina Di Maiok uko egin dio Maceratako erasoaren inguruko adierazpenak egiteari, esanez ez dela bere asmoa jazotakoa «esplotatzea».

Herrialdearen bestelako mapa bat erakusten dute baina immigrazioaren inguruko datuek. Marco Minniti Italiako Barne ministro izendatu zutenetik, esaterako, %65 baino gehiago jaitsi da herrialdera iristen den migrante kopurua –181.000 izan ziren 2016; 120.000, aldiz, pasa den urtean–. Jaitsiera, ordea, Minnitik Libiako agintari ezberdinekin erdietsitako akordioen ondorioz izan da hein batean, eta hitzarmen hauek, EBko goi esferatik sostengatuak izan arren, zalantza bat baino gehiago eragin dute. Argi denez, Italian izan edo herrialdera sartzen ahalegindu, migranteak dira italiar politikaren zirkuko galtzaileak, beti.