Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Traizioetatik ahalduntzeetaraino, dFeriako hasierako egunean

Arte eszenikoek hartuko dituzte datorren astean Donostiako oholtzak. Astelehenean hasi eta ostegunera bitartean, dFeria azokaren baitan hainbat antzerki eta dantza konpainiak erakutsiko dituzte euren azken proposamenak eta, atzo, bertan izango diren zenbait euskal ordezkarik aurkeztu zituzten beren obrak. Traizioetatik ahalduntzeetaraino, denetariko gaiak jorratuko dituzte «Tabu» lelopean abiatuko den edizio honetan.

Donostiako dFeria arte eszenikoen azokan (martxoak 5-8) parte hartuko duten zenbait euskal taldek aurkeztu zituzten atzo euren proposamenak Victoria Eugenia antzokian egin zuten agerraldian. Euskal taldeak hamasei badira ere (bederatzi antzerki konpainia), horietako bik bakarrik oholtzaratuko dituzte euskarazko proposamenak: Pez Limbo gasteiztarrak (“Oxido/Umore garratza”) eta atzo “Txarriboda”-ren xehetasunak eman zituen Hika konpainiak. Azken honetan, ezkontzaren «liturgia teatral ikaragarri ederraz» baliatu da Agurtzane Intxaurraga umore azidoa eta kritika soziala zutoin dituen euskal kabareta atontzeko. «Ezkontza parodiatu nahi genuen, familia eredu tradizionalaren funtsa delako eta kabaret formatuarekin asmatu egin dugula uste dut», esan zuen. Donostian, gainera, gaztelerazko bertsioa estreinatuko dutela nabarmendu zuen: «Ez da itzulpena, erreferentziak, abestien hitzak eta testua aldatu ditugulako». Euskarazkoa astelehenean emango dute 20.00etan eta gaztelerazkoa (“Bodorrio”) asteartean, 11.30ean, Intxaurrondo K.E.n.

Umoretik dator baita ere Theatre des Chimeres biarriztarren “Dos hermanas” (astelehena, 19.00, Sgae gunean), bi ahizpen arteko traiziotik abiatzen den obra. «Badirudi tragedia bat dela, baina komedia da, ahizpetariko batek mendeku hartzeko era guztiak irudikatuko dituelako, eta konturatuko gara nola irudikatzen duguna errealitatea bezain inportantea den», esan zuen Jean-Marie Broucaret zuzendariak.

Oso era ezberdinean, baina emakumeak dituzte protagonista baita ere Vaivenen “Sherezade y las capas de la cebolla”-k (asteartea, 19.00, Sgae) eta Tanttakaren “La casa de la llave”-k (astelehena, 20.30, Victoria Eugenia). Lehenak, «gizonezkoen munduan harrapatua dagoen eta bizirauteko bideak bilatu behar dituen emakumea» du protagonista, eta hiru emakume belaunaldi jartzen ditu aurrez aurre: «sukaldean giltzapetua» dagoena, honi «bere emakumezko rola eta horrek dakarren guztia» gogoraraziko dion Amona eta bere buruari ea halako gizarte batean jaio nahi duen galdetuko dion Alaba. Matxismoa da baita ere Tanttakaren proposamenaren muina: biolentzia matxista pairatu duten eta emakume etxeetako ateak jo behar izan dituzten emakumeen sentipen, bizipen eta ametsak kontatuko dituzte etxe horietako hiru gizarte langileren ahotik: baikortasunetik hitz egingo du batek, begirada analitikoa izango du bigarrenak eta, bera ere matxismoaren biktima izan denez, erraietatik ariko da hirugarrena.

Dantza proposamenak

Judith Argomanizen Lasala konpainiak “Microclimate” (astelehena, 13.00, Gazteszena) zazpi dantzarirentzat osatutako dantza garaikideko pieza ekarriko du: «Mundu ero eta kaotiko honetan denok dugu gure mikroklima propioaren beharra, izan etxean edo beste nonbait; publikoari, gurean sar dadin proposatuko diogu», azaldu zuen.

Sustraietarako itzulera proposatzen du, bere aldetik, Compagnie Illicite Fabio Lopez-ek “Terra” obran (astelehena, 17.30, Victoria Eugeniako kluba). Fadoen eta Mahler-en musikaren erritmora, «iraganeko nostalgiaz» hausnartuko du piezak.

Dantzaz-en “Growing Young” izan zen atzo aurkeztu zen azken lana. Konpainiak Errenterian duen ekoizpen zentrotik ateratako lau pieza bateratzen ditu: Janis Claxtonen “Une”, Daniele Ninarelloren “Lead”, Itzik Galiliren “Prelude to a Wasted Tear” eta Wubkje Kuindersmaren “You-th”. Konpainiako zuzendari orokor Fernando Saenz de Ugarteren hitzetan, «giza harremanak dira laurak batzen dituen hari gidaria».