naiz

Vendetta taldeak agur esango die agertokiei 2018ko amaieran

Vendetta talde nafarrak agertokiak utziko ditu aurten. Hala iragarri du taldea ohar baten bidez. «Naturaltasun osoz, geure bizitzek ibilbide ezberdinak hartu dituzte eta agur esateko unea heldu zaigu», adierazi dute.

Vendetta taldeak 2018an utziko ditu agertokiak. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Vendetta taldeak 2018an utziko ditu agertokiak. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

«Goza dezagun topera 2018 hau eta amaitu dezagun aro hau merezi duen bezalaxe: abesti bakoitzean arima askatuz». Hala iragarri du Vendetta taldeak urte honen amaieran agertokietatik jaitsiko direla.

Azpimarratu dutenez, «naturaltasun osoz, geure bizitzek ibilbide ezberdinak hartu dituzte eta agur esateko unea heldu zaigu». «Tristura puntu bat» onartu du taldeak, baina «asebetze sentsazio handia ere bizitakoagatik» eta «ilusioz» agertu dira etorriko diren proiektu berriengatik.

10 urteko ibilbidea izan du Sakanako taldeak eta denbora honetan bost diska plazaratu ditu. «Taldea gozatzeko eta gozarazteko asmoz jaio zen, eta lortu dugunaren sentsazioa dugu», gaineratu dute. Eskerrak eman nahi zian dituzte, «guzti hau denon artean» lortua izan delako. Hala, zaleei eta Vendetta osatu duen talde anitz guztia izan dute gogoan azken agurrean.

Oraindik, 2018 honetan, egonen da Vendettaz gozatzeko parada. Besteak beste, datorren asteburuan zita bikoitza dute Donostian, martxoaren 15 eta 16an. Hurrengo egunean, hilaren 17an, gasteizen izanen dira eta Iruñea martxoaren 24an bisitatuko dute. Bilbon, aldiz, apirilaren 21ean izanen dira Vendettako kideak.

«Familia handi bat sortu dugu. Maitatuak sentitzen gara. Ezin dugu gehiago eskatu. Betirako. Maite zaituztegu», amaitu dute.