NAIZ
BAIONAN

Manifestazio jendetsua Baionan, Macronen erreformen aurka eta zerbitzu publikoen defentsan

Emmanuel Macronen Gobernuak funtzio publikoan egin nahi dituen erreforma eta murrizkete aurka egiteko lanuzteak eta mobilizazioak egiten ari dira Ipar Euskal Herrian, Estatu mailan eginiko deialdiaren baitan. Baionako manifestazioak 3.500 lagunetik bildu ditu.

Gobernu frantsesak administrazio publikoan iragarritako murrizketa eta erreformen aurkako greba eta mobilizazio eguna dute gaur Ipar Euskal Herrian, Estatu mailan egin den deialdiari jarraiki.

Goizean kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko manifestazio jendetsua egin dute Baionan, CGT, FO, CGC, FSU, Sud, Solidaires eta LAB sindikatuek deituta. Era berean, alderdi eta eragile desberdinek babesa adierazi diote deialdiari eta hainbat mobilizazioan izan dira, hala nola, PCF, Generation.s, EH Bai eta Bizi mugimendua, besteak beste.

Sektore desberdinetako langileen presentzia oso nabarmena izan da 3.500 lagunetik gora bildu dituen manifestazioan.

Trenbideetako CGT sindikatuko kideek Parisen egon behar zuten, baina SNCFeko zuzendaritzak hartu behar zuten trena deuseztatu egin duela salatu dute eta Lapurdiko hiriburuan elkartu dira azkenean.

Zerbitzu publikoetako langileez gain, abokatuek eta OGF ehorzketa etxeetako langileek ere babestu dute mobilizazioa, Kazeta.eus-ek jaso duenez.