naiz
Donostia

«Euskal Herri berria» jarri dute EH Bilduk eta EH Baik Aberri Egunaren jomugan

Aberri Egunean «Euskal Errepublika aldarrikatzera» ateratzeko deia egin dute EH Bilduk eta EH Baik. «Euskal Herria berria eraikitzea» dute jomuga «demokrazian eta bizi baldintza duinetan oinarritutako gizartea» osatzeko. Horretarako estatu propioa izatea «ezinbestekoa» dela nabarmendu dute.

Maddalen Iriare, Adolfo Araiz, Txomin Casteigts eta Itxaso Cuevasek plazaratu dute Aberri Eguneko irakurketa. (@ehbildu)
Maddalen Iriare, Adolfo Araiz, Txomin Casteigts eta Itxaso Cuevasek plazaratu dute Aberri Eguneko irakurketa. (@ehbildu)

EH Bilduk eta EH Baik Aberri Egunerako agiri bateratua aurkeztu dute Donostian egindako agerraldian. Bertan izan dira Maddalen Iriarte Gasteizko Legebiltzarreko bozeramailea, Adolfo Araiz Nafarroako Parlamentuko bozeramailea eta Txomin Casteigts eta Itxaso Cuevas EH Baiko ordezkariak.

Adierazi dutenez, «Euskal Herria berria eraikitzea» dute jomuga. «Euskal herritarrek nahi duten Euskal Herria denon artean eraikitzea dugu amets, eta horretan ari gara lanean. Inork ez zuen esan samurra izango zenik, are gehiago aurrean Espainia eta Frantziako estatuak izanda, baina ukaezina da aurrerapauso nabarmenak egin ditugula azken urteotan», azpimarratu dute.

Zentzu horretan kokatu dituzte Ipar Euskal Herriko administrazio egitura berriak, Nafarroan aldaketaren gobernua bere bidea egiten ari dela, eta EAEn «etorkizuna baldintzatu beharko lukeen» autogobernuaren inguruko eztabaida abian dela Gasteizko Parlamentuan. «Hiru gune administratibo lehen aldiz instituzioetan egituratuak. Hiru lehendakari. Hiru erabaki esparru. Aukera hori baliatu beharko luke herri honek, bakoitzak bere erritmoak eta testuinguru politiko eta sozialak errespetatuta, nazio eta herri izaeran aurrera urratsak emateko. Zentzu horretan, herri honetako hiru lehendakariak edota instituzioak elkarlana abiatzea oso garrantzitsua izango litzateke», gaineratu dute.

Kataluniarekin gogoratuz, espainiar Estatua «inboluzio dmeokratiko» batean sartuta dagoela nabarmendu dute eta eraso horiek «bihar» Euskal Herriak pairatzea posible dela ohartarazi. Frantziar Estatuan, aldiz, Macronen ailegaerak «gauzak ez dituela aldatu» gaineratu dute. «Eta aldatu baditu, okerrera. Korsikako herriaren gehiengoak burujabetza handitzeko aldarrikapenei bizkarra eman die Macronek. Horrekin batera, neurri liberal bortitzek nabarmen aztoratu dute Ipar Euskal Herriko gizartearen bizitza politikoa eta, batez ere, bizi kalitatea narriatu dute».

Gogora ekarri dute ere urtebete igaro dela ETAren armagabetzea gauzatzeko ekimena gauzatu zenetik eta presoak Euskal Herriratzeko Parisen egindako mobilizazioa ere nabarmendu dute. Martxoaren 8ko manifestazio jendetsuak eta pentsioak duintzearen aldekoak ere ez dituzte ahaztu nahi izan. «Gure herriak estatu propioa behar du, demokrazian eta bizi baldintza duinetan oinarritutako gizartea eraiki nahi badu. Bere herritarrak zainduko dituen Euskal Errepublika behar du». Horregatik guztiagatik, Aberri Egunean «Euskal Errepublika aldarrikatzera» ateratzeko deia egin dute.