NAIZ
DONIBANE GARAZI

Herria eraikitzeko aldarria, Donibane Garazitik

EH Bai eta Aitzinak deituta, Aberri Eguneko ospakizunak egin dituzte Donibane Garazin. Elkarteen azokarekin hasi da eguna, eta manifestazioa egin dute ostean Nafarroa Behereko hiriburuko kaleetan zehar.

EH Bai eta Aitzinako kideak, oholtza gainean amaierako ekitaldian. (NAIZ.EUS)
EH Bai eta Aitzinako kideak, oholtza gainean amaierako ekitaldian. (NAIZ.EUS)

Goizean goizetik gerturatu da jendea Donibane Garazira, lehen aldiz, Aberri Egunaren harira, elkarteen azoka antolatu baitute, «Euskal Herri burujabea aniztasunetik eraikiko dela aldarrikatzeko». Bertatik abiatu da manifestazioa ere.

‘Herriek eraiki. Herriek erabaki’ lelopean egin da EH Bai eta Aitzinak deitutako manifestazioa Nafarroa Behereko hiriburuan. Bidean, besteak beste, euskal preso politikoen argazkiak eskegi dituzte.

Jordi Gaseni Amettla de Mar-eko alkateak hartu du hitza amaierako ekitaldian. Espainiarra estatu «diktatoriala» dela esan du, eta honek Kataluniako herriaren aurka erabili duen errepresioa salatu du. Zentzu horretan, Kataluniak bere errepublika askea eraikiko duela berretsi du.

Manifestazioaren deitzaileek, bestalde, armagabetzea izan dute aipagai amaierako ekitaldian, baita presoen hurbilketaren afera ere. Ororen gainetik, baina, «amesten dugun» Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko deia luzatu dute.