Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Bagoazen iritziz, Arnagakoaren ostean Parisek ezin du presoekin berdin jokatu

Aurten gauzatu dituen hamabi bat hurbilketez harago, Gobernu frantsesak «jendartearekiko eta bake testuinguruarekiko errespetuz» urrats sendoagoak eman behar dituela uste du Bagoazek. Ekainaren 16rako manifestazioa deitu du, Baionan, 28 urte preso daramatzaten Xistor Haranburu, Jakes Esnal eta Parot anaien askatasuna eskatzeko.

Frederique Haranburu Xistor, Ion Kepa Parot, Jakes Esnal eta Unai Parotek (azkenekoa espainiar Estatuan dago preso) ia hiru hamarkada egin dituzte kartzelan. Frantziar Estatuan espetxeratuta dauden hiru presoen kasuan, biziarteko zigorra jaso bazuten ere, 15 eta 18 urte arteko segurtasun epea gainditu ostean baldintzapeko askatasuna eskatzea onartu zitzaien.

Izan ere, «argudio juridikoetan baino arrazoi politikoetan oinarrituta» epaiak jasotzen zuen aukerari behin eta berriro atea itxi dio frantziar Justiziak, atzo Bagoazek salatu zuenez. Esanguratsua da Ion Kepa Paroten kasua. Bost aldiz egin du eskakizuna, baita berme zorrotzak onartu ere, baina bostetan errefusatu diote askatasuna.

23 eragileen bultzadapean 2015ean sorturiko kolektiboak «egoera jasangaitz» hori aldatzea premiazkoa dela adierazi zuen Baionako Elkarteen Etxean eginiko agerraldian. Azkeneko lege erreformek euskal presoek baldintzapeko askatasuna eskuratzeko bete behar duten prozedura gogortu egin dutela nabarmendu zuten prentsaurrekoan.

Kolektiboa osatzen duten alderdi, sindikatu eta elkarteen izenean, Emilie Martin bozeramaileak eta Euskal Herriko Giza Eskubideen aldeko Batzordeko (CDDHPB) lehendakari Anne-Marie Michaudek mezu argi bezain presazkoa helarazi zioten Parisko gobernuari. Hala, ETAren amaiera baieztatu zuen Arnagako ekimenaren ostean presoei ematen zaien trataera errotik aldatu behar dela adierazi zioten. Ildo beretik, hemendik aurrera, presoak espetxeetan atxikitzeko baliatzen diren argudioak –ETArekiko lotura– «gehiago ez baliatzea» espero dutela esan zuten.

Zigor luzeak bete dituzten Xistor Haranburu, Jakes Esnal eta Parot anaien askatasuna eskatzeko manifestazioa deitu du Bagoaz kolektiboak, ekainaren 16rako, Baionan. Arratsaldeko 17.00etan abiatuko da Lauga kiroldegitik “Egun bat gehiagorik ez” leloa izanen duen martxa.