NAIZ
BILBO

«Pobreziara bultzatzen gaituzten» politikak iraultzeko mobilizaziora deitu du Eskubide Sozialen Kartak

Pobreziaren eta kalitatezko babes sistema publiko baten alde garatu duen Legegintzako Herri Ekimena Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidatu ahal izateko behar dituzten sinadurak biltzen aritu dira Bilbo, Donostia eta Gasteizen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariak. Nafarroako Parlamentuaren atarian ere elkarretaratzea egin dute, bertako Mahaiak ekimenaren tramitazioa atzera bota izana gaitzesteko. 

Adolfo Muñoz eta Garbiñe Aranburu, Eskubide Sozialen Kartak Bilbon egin duen elkarretaratzean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Adolfo Muñoz eta Garbiñe Aranburu, Eskubide Sozialen Kartak Bilbon egin duen elkarretaratzean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Pobreziaren kontra martxan duten Herri Ekimen Legegileari bultzada berri bat eman nahi izan diote Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariek, Bilbon, Donostian eta Gasteizen, Legebiltzarrean eztabaidatu ahal izateko behar dituzten 10.000 sinadura horiek biltzeko.

Kanpaina bide onetik doala azaldu dute, dagoeneko milaka direlako jaso dituzten sinadurak. 

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk gogoratu du «gutxieneko diru sarrera eta bizi baldintzak bermatzea dela, oinarrizko eskubideen izenean». Desberdintasun sozialak gero eta handiagoak direla nabarmendu du Aranburuk, kolektibo batzuk kaltetuagoak daudela gaineratuz, tartean emakumeak, pentsiodunak, gazteak edota etorkinak. Legegintzako Herri Ekimenak bereziki horiei mesede egiten diela argitu du. 

«Edoizein gobernuren lehentasuna herritar guztiei bizitza duin bat bermatzea izan beharko litzateke, herri bat ez baita duina eta ezin baita eredugarria dela esan berme hori gabe», esan du. 

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak ere hartu du parte mobilizazioan, martxan dagoen ekimenaren garrantzia azpimarratzeko: «Eusko Jaurlaritzak murrizketekin jarraitzen du; etxebizitza politika edo Diru Sarrerak Bermatzeko Gutxieneko Errenta adibide garbiak dira. Politika hauek pobreziara bultzatzen gaituzte». Horregatik, aldarrikatu du egoera hori «iraultzeko» mobilizazioa «ezinbestekoa» dela. Herri Ekimen Legegilea testuinguru horretan kokatu du. 

«Erabaki oso larria» Nafarroan

Iruñean ere elkarretaratzea egin du Eskubide Sozialen Kartak, Gobernu nafarraren jarrera «onartezina gaitzesteko».

Aranburuk gogoratu du Nafarroako Parlamentuaren Mahaiak ez dituela tramitera onartuko Bermaturiko Errenta hobetzeko aurkeztu duten Legegintzako Herri Ekimena ez eta alokairu soizaleko etxebizitza eskuratzeko eskubidea. Azaldu dutenez, horrek esan nahi du ukatu egiten dela Nafarroako Parlamentura eramateko egin beharreko sinadura biltzeko eztabaida. 

Ezezko orren atzean Nafarroako Gobernuak, «aurrekontu-kredituen hazkundea dakarrela» argudiatuta, ekimen horrekiko beto eskubidea gauzatu izana dagoela gaitzetsi dute. 

«Erabaki oso larri da, herritarron interesen aurka hartutako erabaki antidemokratikoa. Hala ere, ez dugu etsiko eskubide sozialak bermatu eta hobetzearen aldeko borrokan», nabarmendu du Eskubide Sozialen Kartak.