naiz

Euskal Herriko Unibertsitateak «kezka handia» adierazi du gaurko atxiloketa eta miaketengatik

Ohar baten bidez, Euskal Herriko Unibertsitateak gaur Guardia Zibilak egin dituen atxiloketak eta Gasteizko kanpuseko miaketak egiteko «inolako beharrik ez» zegoela adierazi du, eta «kezka handia» agertu du hauen aurrean. EHU espainair Estatuko Gobernuko ordezkaritzarekin jarri da harremanetan informazio zabal eta zehatza lortze aldera.

Gaur goizean Euskal Herriko Unibertsitateak, Arabako Errektoreordetzaren bidez, jakin du Guardia Zibilak Arabako Campuseko hiru ikastetxetan, ikasleek gestionatutako geletan, miaketak egin dituela: Farmazian, Letretan, eta Lan Harreman eta Gizarte Langintzan. EHUk ohar batez jakinarazi duenez, «gertakariak ikastegiak itxita zeuden ordutegian izan dira, eta unibertsitateko agintariei miaketa behin eginda eman diote horren berri».

Miaketez gain, hiru gazte atxilotu ditu Guardia Zibilak goizeko lehen orduetan Etxarri Aranatzen, Azpeitan eta Gasteizen bertan, zeintzuek datozen orduetan deklaratu beharko duten.

Euskal Herriko Unibertsitateak «kezka handia» adierazi nahi izan du «gertakari larri hauen aurrean», eta unibertsitateak «operazio horien guztien inolako berririk ez zeukanez», espainair Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 1 zenbakidun Epaitegi Nagusiari eskatu dio Guardia Zibilari hiru gune horietan sartu eta miaketak egiteko emandako baimena. Era berean, jakinarazi dutenez, EHU espainair Estatuko Gobernuko ordezkaritzarekin jarri da harremanetan informazio zabal eta zehatza lortze aldera.