naiz
Gasteiz

Gasteizko jaietan eraso matxisten aurreko informazio eta prebentzio baliabideak indartu ditu Udalak

‘Jailarai, berdintasunaz blai’ lemapean, «emakumeen eta LGTBI pertsonen ahalduntzearen eta jarrera matxistekiko zero tolerantziaren aldeko jarrera positiboa eta parte-hartzailea» bultzatzea du helburu Gasteizko Udalak. Eraso matxisten aurreko informazio, sentsibilizazio eta prebentzio baliabideak indartu egin dituztela iragarri dute.

Gasteizko Berdintasuneko zinegotzi Jaione Agirrek eta zerbitzuko buru Mireia Espiauk Andra Maria Zuriaren jaietarako diseinatutako kanpaina aurkeztu dute. (GASTEIZ)
Gasteizko Berdintasuneko zinegotzi Jaione Agirrek eta zerbitzuko buru Mireia Espiauk Andra Maria Zuriaren jaietarako diseinatutako kanpaina aurkeztu dute. (GASTEIZ)

Gasteizko Berdintasuneko zinegotzi Jaione Agirrek eta zerbitzuko buru Mireia Espiauk Andra Maria Zuriaren jaietarako diseinatutako kanpaina aurkeztu dute. Eraso matxisten aurreko informazio, sentsibilizazio eta prebentzio baliabideak indartu egin dituztela iragarri dute, eta herritar orok «jarrera proaktiboa» izan dezatela proposatu dute.

‘Jailarai, berdintasunaz blai’ lemapean, «emakumeen eta LGTBI pertsonen ahalduntzearen eta jarrera matxistekiko zero tolerantziaren aldeko jarrera positiboa eta parte-hartzailea» proposatzen du Udalak. «Hainbat ekintza diseinatu ditugu, emakumeei bereziki, baina baita LGTBI biztanleriari ere, indarkeria matxista prebenitzeko eta horri aurre egiteko informazioa eta tresnak eskaintzearren. Gainera, herritarrak oro har eta gizonak bereziki sentsibilizatzeko materialak banatuko ditugu, jokamolde matxisten aurrean konplizitatea eta zero tolerantzia lantzearren», adierazi du Jaione Agirrek.

Horrekin lotuta indarkeria matxistari erantzuteko udal protokoloa birdefinitu dute. Azaldu dutenez, Kultura Zerbitzuak berdintasun klausulak sartu ditu blusa eta neska taldeentzako diru-laguntzen deialdian, laguntza eman dio Blusen eta Nesken Batzordeari haiek 2017an landu zuten protokoloa berrikusi eta hobetzen, LGTBI pertsonen errealitatea ere kontuan hartzeko, eta indarkeria matxistaren alorrean arreta emateaz eta esku hartzeaz arduratzen diren sailak koordinatzeko barne lana egin du.

Horretaz gain, Udalak ekintza zehatzak prestatu ditu herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzeko. Besteak beste, hiriko zenbait leku eta jai egitarauko une esanguratsuak kolore morez margotuko dira. Esate baterako, abuztuaren 4an Andre Maria Zuriaren plazara Zeledoni harrera egitera hurbiltzen diren pertsonei kolore moreko jantzi edo objekturen bat eraman dezaten eskatu die Udalak. 

Aurten ere Beldur Barik informazio puntua jarriko da Posta kalearen eta Agirre Lehendakariaren kalearen arteko bidegurutzean, indarkeria matxistaren prebentziorako materialez hornitua. Gazteen artean indarkeria matxista prebenitzean espezializatutako bi pertsonak emango dute arreta bertan. Aurten, berritasun gisa, indarkeria matxistarik gertatuz gero hasierako esku-hartzerako laguntza eta baliabideak eskainiko dira leku horretan.