Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Zer da brebeta? Eta baxoa?

Frantziako hezkuntza sistemaren arabera bi azterketa nagusi gainditu behar dituzte ikasleek derrigorrezko hezkuntza bukatu aurretik: brebeta eta baxoa.

Seaskako irakasle eta gurasoak, Bordeleko Errektoretzaren atarian kateatuta. (@iurrebidegain)
Seaskako irakasle eta gurasoak, Bordeleko Errektoretzaren atarian kateatuta. (@iurrebidegain)

Hizkuntza Kodeak arautzen duenez, bigarren zikloa amaitzerakoan «ezagupen maila neurtzea» xede duen Brevet (brebeta, euskaraz) azterketa pasatu behar dute ikasleek. 

Laburki azalduta, ama eskola-ikastola amaituta ikasleak kolegioan sartzen dira (11 urterekin) bigarren hezkuntzako lehenengo zikloa egitera. Kolegioan lau kurtso egiten dituzte –seigarren mailatik hirugarren mailara, ordena horretan– eta azkenekoa bururatu ostean, beraz hirugarren maila amaituta, kolegioari agur esan eta brebeta egiten dute.

Brebeta azterketa bi egunetan pasatzen da. Zuberoa, Nafarroa Behera eta Lapurdiko ikasleek aurreko astean egin zuten. Brebeta kari, ikasleek ondoko eremuetan: zientzia, matematika, frantsesa eta historia-geografian dituzten ezagupen orokorrak frogatu behar dituzte. Nolabait azterketak «oinarri amankomuna» finkatzea du xede. Frantzia mailan, bistan da. 

Jakin behar da ikasle gehienek gainditzen dutela brebeta. Proba, nolabait, beraien heldutasuna neurtzeko eta frantziar hezkuntza sisteman hain garrantzitsua den ahozko adierazpenean trebatzeko ere bada. Ikasleek serioski hartzen dute azterketa, nahiz eta hil ala biziko atakarik ez izan beraientzat. Brebetak ez du ikasketen jarraipena baldintzatzen. Hau da, gainditu ala ez ikasleak berdin bideratu daitezke ondoko ziklora, lizeoan eginen dena. 

Bigarren hezkuntzaren bigarren zikloa hiru urtez luzatzen da. Lizeoan igaro den ziklo hori amaiturik, orduan bai, beraien ibilbide akademikoa dezente baldintzatu dezakeen beste azterketa bat, baccalauréat (bac edo baxoa euskaraz), gainditu beharko dute ikasleek. Proba hori gainditzea –selektibitatearekin bezala– erabakigarria da goi mailako ikasketak egin nahi dituzten gazteentzat.