Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Baiona parte zibila izanen da eraso sexisten aurrean

Zutik kolektiboak, Planning Familial elkarteak, PAF taldeak eta Aitzina gazte antolakundeak deituta elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, Baionan. Herriko etxearen aitzinean antolaturiko ekimenaren bidez, besta garaian indarkeria sexista pairatu zuten emazteei babesa agertu zieten. Elkarretaratzean parte hartu zuen Martine Bisauta zinegotziak baieztatu zuenez, Jean-Rene Etchegaray buru duen erakundeak parte zibil gisa jarduteko asmoa du.

Baionako udaletxearen aitzinean salaketa irmoa zabaldu zuen atzo Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak. “Non aux violences sexistes. Bortizkeria sexistei ez” leloa zuen pankartaren gibelean dozenaka herritar elkartu ziren, igandean amaitu ziren hiriko bestetan izaniko eraso sexistak arbuiatzeko.

Planning Familial elkarteak, Zutik bortizkeria sexisten aurkako kolektiboak, Alternatiba Feministaren Aldeko PAF elkarteak eta Aitzina gazte erakundeak antolaturiko elkarretaratzearen bidez, bestetan bezala urte osoan zehar bortizkeria sexistari aurre egiteko engaiamendua areagotzeko deia zabaldu zuten.

Jaiak abiatu aitzin, eraso sexistarik gertatuz gero biktima babestearren parte zibil gisa jarduteko asmoa agertu zuen Udalak. Atzoko elkarretaratzean parte hartu zuen Martine Bisauta zinegotziak iragarri zuenez, bere engaiamendua aurrera eramateko prest da Herriko Etxea.

Bederen bortxaketa kasu bi salatu zirela baieztatu zuen iragan astelehenean Samuel Vuelta-Simon Baionako prokuradoreak. Uztailaren 26an emazte batek salaketa ezarri zuen eta handik hiru egunetara bertan behera utzi zuen plenta. Hala ere, poliziak ikerketa zabalik duela baieztatu zuen fiskalak.

Alarma berezia piztu du, bestalde, 25 urteko neska batek igandean salatu zuen bortxaketa kasuak. Asteburuan, Baionako besta eremuan zela, bere lagun taldea galdu, eta biharamunean auto batean agertu zen neska, Akizen, Baionatik 50 kilometrora. Bertako fiskala dosierraz jabetu dela zehaztu zuen Vuelta-Simonek. Bigarren auzi hori Landetako fiskaltzaren esku gelditu izanak Udalaren esku-hartzea zailduko lukeen galdetuta, Planning Familial elkarteko kide den Marie Peres abokatuak GARAri azaldu zionez, parte zibil gisa aurkezteko, «gertakariak pertsona edo erakunde batek defendatzen dituen interes orokorrak nozitu dituela aldarrikatu eta frogatu behar da».

Abokatuaren iritziz, aipaturiko aferan posible litzateke parte zibil gisa aurkeztea, «Herriko Etxeak bortizkeria sexistak hiriari eta herritarrei kalte orokorra sortzen diola agerian utzita».

«Herriko Etxeak engaiamendu irmoa duela» zalantzarik ez du Amaia Fontangek. «Protokoloa aitzina eramateko parioa egin duela uste dut; besterik ezin du egin, gainera», nabarmendu zuen Zutik-eko kideak.

Bisauta zinegotziak aitortu zuenez, «frantziar justizia sistemak ekimen hori hartzea errazten ez badu ere, parte zibil gisa jarduteko nahikeria dugu, biktimarentzat bereziki zaila izanen den auzibidean hiriaren sostengua ukan dezan».

Agerraldia suprefeturan

Jean-Rene Etchegaray hedabideen aurrean azalduko da gaur eta litekeena da orduan xehetasun gehiago eskaintzea indarkeria matxistaren aurrean Udalak hartuko duen jarrerari buruz.

Auzapezarekin batera, gaur suprefeturan deituriko prentsaurrekoan Jonathan Herve suprefeta eta Vuelta-Simon prokuradorea izanen dira. Agerraldian jaiei buruzko bilana eginen dute. Jakin-min handia dago aurten lehen aldiz martxan ezarri duten ordainketa sistemak utzitako emaitza ezagutzeko.

Bestetan eginiko lana eskertzeko udal langileekin eginiko bileran, alkateak hainbat xehetasun eman zituen. Eredu aldaketa egikaritu dela eta ordainketa sistema heldu den urtean ere aplikatuko dela iragarri zuen. Bisitari gutxiago sumatu bada ere, 100.000tik gora eskumuturreko –8 euroan– saldu ondoren dispositiboaren kostua estaliko dela ziurtzat eman zuen.