Haritz Larrañaga
Baiona

Iaz baino jende gutxiago izan arren, Baionako besten balorazio positiboa

Suprefeturan eskainitako prentsaurrekoan festen irakurketa egin dute Jean-René Etchegaray auzapezak, Hervé Jonathan suprefetak eta Samuel Vuelta-Simon fiskalak. Guztiek balorazio bera egin dute, «bilan bikaina». Bestalde, iaz baino jende gutxiago izan arren, eskaintza kulturalak gora egin duela nabarmendu dute udal ordezkariek.

Baionako besten balorazio positiboa egin du Etchegarayk.
Baionako besten balorazio positiboa egin du Etchegarayk.

Hiru ikuspegi, baina ondorio bera atera dute Baionako suprefeturan agerraldia egin duten ordezkariek. Hervé Jonathan suprefetak festetan izan ziren intzidentziak aurkeztu ditu, Samuel Vuelta-Simon prokuradoreak epaitegietara iritsi ziren gertaeren berri eman du, eta Etchegarayk, berak azaldu moduan, «nik gainontzekoaz hitz egingo dut, benetan garrantzitsua denaz, alegia festaz».

Balorazioa, antzekoa izan da denen ahotan. Jonathanek «klima ona» esamoldea erabili du, Etchegarayk «bikaina» hitza erabili, eta fiskalak, «balorazioa zentzuzko ikuspegi batetik ona izan dela» jakinarazi du. «Hiritarren segurtasuna bermatzeko» lanean aritu ziren norbanako guztiei haien esker ona helarazteko ere bat egin dute.

Jende gutxiago

Baionako auzapezak iaz baino jende gutxiago izan zela aitortu du eta zenbait adierazle aipatu ditu adibide moduan. Aparkamenduen, bus erabiltzaileen, kanpin guneetan ziren pertsonen edo edalontzi birziklagarrien kopuruak esaterako, batez beste, %10 behera egin zuen. Aldi berean, istilu, lapurreta eta antzeko gertakariek ere behera egin zutela azpimarratu du Etchegarayk.

Aipatu adierazleek eskaintzen dituzten datuez harago, «jaitsiera erlatiboa» izan zela ohartarazi du auzapezak:  «Lehen egunean ohikoa baino jende gehiago izan zen, baina egia da larunbatean, bisitari gehien izaten den egunean, jende gutxiago izan zela. Edonola ere, kontuan hartu behar dira beste zenbait eragile, jende asko Tourra ikustera joan zen, eguraldiak ez zuen lagundu eta trenetako grebak ere eragin zuen».

Eskumuturrekoa berriz

Besta gunean sartzeko ordainketa sistemarekin ere kontent agertu da auzapeza eta hurrengo urtean sistema bera errepikatzeko asmoa iragarri zuen. Ezarri zuten «segurtasun operazioa» ordaintzeko 150.000 eskumuturreko saldu behar ziren eta guztira, 162.000 eskumuturreko saldu zituzten, beraz, helburua beteta kontent agertu da auzapeza, baina abisatu zuen, «segurtasunaren kontu hauekin ahaztu egin zaigu, baina Baionako bestak, beste ezer baino lehen, besta kulturalak dira».

Bestetan izandako lau sexu erasoetatik bi epaitegietan dira

Baionako bestetan izandako lau sexu salaketen berri eman du Samuel Vuelta-Simon prokuradoreak. Ordea, lehenengo biak ez ziren epaitegietara iritsi. Neska gazte batek jarri zuen lehen salaketa, baina poliziaren galdeketen ostean erretiratzea erabaki zuen. Bigarren salaketa mutil batek jarri zuen, auto-stop egiten hartu zuen gizon bat ukituak egiten saiatu baitzen. Gertaeraren berri eman arren, mutilak ez zuen salaketa judiziala jarri.

Fiskalak azaldu duenenez, «beste bi kasuak nahita hasitako erlazioak izan ziren hasieran, baina nahi ez zuten bezala amaitu ziren». Bere esanetan, Baionako apartamendu batean «sexu erlazioak izaten ari zen bikote bat, gizonak zerbait egin nahi izan zuen, baina emazteak ez zuen jarraitu nahi». Azken kasua berriz, Akizeko epaitegian dago. «Bere onespenarekin Akizeko apartamendu batera eraman zuen gizon batek emazte bat, eta han, gizonak sexu erlazioak ukan nahi zituen, baina neskak uko egin zion», azaldu du fiskalak,