naiz
Donostia

Mozorro eta koloreak izanen dira protagonista ostiraleko ‘Gaua piztu’ lasterketetan

Datorren ostiralean, abuztuaren 10ean, 23:00etan egingo den ‘Gaua piztu’ gaueko lasterketaren IV. edizioa aurkeztu dute Donostian. «Kirola eginez, modu desberdinetan korrika eginez, koadrilen artean, familiartean disfrutatzea helburutzat hartuta programatutako jarduera da», azaldu dute.

Gaua Piztu lasterketaren laugarren edizioa aurkeztu dute. (Donostiako Udala)
Gaua Piztu lasterketaren laugarren edizioa aurkeztu dute. (Donostiako Udala)

Gaur eguerdian ospatutako prentsaurrekoan, Donostiako Auzoetako eta Deszentralizazioko, Erantzunkidetasun Zibikoko, Berdintasuneko eta Lankidetzako ataleko zinegotziak, Duñike Agirrezabalagak ‘Gaua piztu’ gaueko lasterketaren IV. edizioa aurkeztu du. Lasterketa, datorren ostiralean, abuztuaren 10ean, 23:00etan egingo da. Prentsaurrekoan, Néstor Lopez-Garin, Bera Bera RTko Komunikazio arduraduna, eta Ingrid da Pin Up egon dira.

Lasterketa hau Aste Nagusiko programan sartzen da eta festak hasi aurreko ekitaldi bat da, Donostiako Udaletxetik, Alderdi Ederretik irten eta bertara heltzen dena. «Kirola eginez, modu desberdinetan korrika eginez, koadrilen artean, familiartean disfrutatzea helburutzat hartuta programatutako jarduera da», azaldu dute.

Mozorro onenak sarituko dira, gai «galaktikoarekin» kolore ikusgarriak, neoizko osagaiak eta makillajerako margoak erabiltzera animatu dute jendartea. Horretarako, margo gune bat egongo da Alderdi Ederren 22:00etatik aurrera beren mozorroa osatu nahi dutenentzat. Photocall bat ere ez da faltako ordu horretan zehar. Nahitaezkoa izango da argazkia egitea mozorro onenaren sarietan parte hartzeko.

Lasterketaren aurreko beroketa moduan, Zumba eta St Rong By Zumba klasea izanen da 22:15etik  22:45era Udaletxeko terrazan. Hori guztia Ingrid da Pin Upek gidatuta.