NAIZ
DONOSTIA

Txiki eta Otaegi gogoratu dituzte Zarautzen, fusilatu zituzteneko 43. urtemugan

Fusilatu zituztenetik 43 urte bete direnean, Jon Paredes Manot ‘Txiki’ eta Angel Otaegi gogoratzeko ekitaldia egin da Zarauzko hilerrian, Ahaztuak-ek antolatuta. Errelatoen aniztasuna aldarrikatu du Sortuk.

Antonia Manot, Txikiren ama. (Jon URBE/FOKU)
Antonia Manot, Txikiren ama. (Jon URBE/FOKU)

1975eko irailaren 27an frankismoaren azken fusilatuen memoria aldarrikatzeko oroimen-ekitaldia egin dute Zarauzko hilerrian.

Txiki eta Otaegirekin batera, Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena FRAPeko kideak ere fusilatu zituzten.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ere ekitaldian izan da eta, azpimarratu duenez, azken fusilatuen memoria aldarrikatzearekin batera, «faxismoaren aurka eta gure herriaren askapen sozial eta nazionalaren alde borroka egin zuten ehunka eta ehunka herritar ere omendu» nahi izan dituzte.

Ildo horretan, «errelato propioa egiteko eskubidea» duela aldarrikatu du Sortuk. «Herri honetan gertatu denari buruzko errelatoak anitza izan behar du, errelatoen aniztasuna behar dugu, bestela esanda. Guk ez diogu inori inposatuko geure ikuskera, baina, modu berean, ez diogu inori onartuko garaileen eta garaituen errelato bat inposatzea», adierazi du Rodriguezek.

«Ez dugu onartuko zintzoen eta gaiztoen, justuen eta injustuen errelatorik inposatzea», gaineratu du.

Ezker abertzaleak Euskal Herrian gatazka politikorik egon ez dela edo ETAren indarkeria baino ez dela existitu dioen errelatoa «ez du onartuko», Rodriguezek esan duenez, «ez duelako zerikusirik benetan gertatu denarekin» eta «horrelako errelato batekin ezin delako bakea eta bizikidetza eraiki».

Frankismoaren eta Estatuak eragindako krimenen zigorgabetasuna salatu ostean, Sortuko idazkari nagusiak «herri honek bake justu eta iraunkorrerako eskubidea» duela aldarrikatu du. «Hori lortzeko, zera behar da: biktima guztien aitortza eta erreparazioa; egia osoa azaleratzea; eta herri honek bere etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea onartzea eta errespetatzea», esan du.