NAIZ

Jai Batzorde Mistoak antolatutako Aratusteak babestu dituzte herritarrek, konpartsen iritziz

Batzorde Mistoak Bilboko erdigunean antolatutako jai gunea eta eguraldi eguzkitsuak lagundurik larunbata arrakastatsua izan zela nabarmendu dute konpartsek eta bultzatutako ereduaren aldeko «apustua» berretsi dutela herritarrek diote. Zazpi Kaleetan gertatutako eraso matxista gaitzetsi dute.

Mamiki konpartsa larunbateko desfilean. (Marisol RAMIREZ/FOKU).
Mamiki konpartsa larunbateko desfilean. (Marisol RAMIREZ/FOKU).

Bosgarren urtea izan da Aratuste eredu bateratua arduratu dela ekitaldien antolakuntza. Eta Bilboko konpartsetatik azpimarratzen dutenez, bederatzi egunetan zehar kaleak mozorroz, kolorez eta irriz bete dira «herritarren parte hartzea erdigunean» jarriz.

Bilboko Konpartsak dioenez, batzorde mistoak egindako ereduaren aldeko apustua «berretsi zen» eta antolatutako 50tik gorako ekimenak, horren «froga» dela esan dute.

Aratusteak berotzen joan ziren kopla txikien soinupean, Bilboko tradizio hau 1515ean dokumentatua dago lehenengo aldiz, baina berreskuratu direnetik indartsu gaurkotu dira sasoi honetara. «Sarkasmoz, ironia finaz eta kritikaz» murgildu ziren bilbotarrak eta, horrela, osteguneko txaranga eta kontzertura animatu ziren, Kafe Antzokian hasitako musika giroa Zazpi Kaleetan zabalduz.

Eta horrela heldu zen ostirala, Farolin eta Zaranbolasen egun handia. Prestu agertu ziren haien atxiloketara Xabi Aburruzaga trikitilaria, Farolin, eta Miren de Miguel sopranoa, Zaranbolas. Atxilotuak izan ostean, antzinako pertsonaiez (Higi, Hartza, Fraisku, Momo, Monja eta Turko) inguratuta fanfarrean hurbildu ziren plaza Barriraino. Bertan, epaiketa herrikoia jazo zen eta, han ziren hiritarrek parte hartu zuten eta errudun izendatu zituzten.

Larunbat Erregularra

Urtero bezala, aurten ere gastronomia izan da Aratusteen ildoetako bat. Guztien dastamenerako sasoiko platerak dastatzeaz aparte tradizio diren pontxe eta torrada eta indaba txapelketan. Bestalde, Kale Nagusiko gunean ohiko txistorra pintxo, pintxo begano eta oilasko errea banatzeaz gain, Albiako gunean 400 lagun inguru elkartu ziren herri bazkari «jendetsu eta animatuan» parte hartzera gogoratu dute konpartsek oharrean.

«Sabelak beteta, kolorez jantzita eta kopla txikiak oraindik buruan» heldu ziren Farolin eta Zaranbolas topa egitera eguerdiko 12.00etan plaza Biribilera larunbat Erregularrari hasiera ematera. Azken sasoiko giro eguzkitsuarekin bat egin eta distira kalera ekarri zuten herritarrek, Bilboko erdigunea kolorez jantziz», azpimarratzen dute konpartsek oharrean.

Mozorro kalejiran, konpartsez gain, mozorro indibidualak eta talde mozorro ugari hurbildu ziren haien lana eta koreografiak erakustera, guztira 50 taldek parte-hartu zuten. Parte-hartzaile ugariez gain «ikuslez lepo egin zuten Kale Nagusi eta inguruek, guztion gozamenerako».

Atzera kontua bukatzean eta guneari itxiera emateko, 1985ko lehenengo kopla txiki irabazlea abestu zuten bertan bildu ziren hiritar guztiek, Farolinen trikitixa eta Zaranbolasen ahots afinatuak lagunduta. Botila erraldoiari konfetti artean kortxoa kendu ondoren, Lekittoko Deabruekin batera kalejira desordenatuan jaitsi ziren denak Zazpi Kaleetara, «Santiago Plazan jarritako Bilboko urez beteriko iturria hustera».

Ume jarduerak

Umeentzat eta familientzat prestatutako ekimen sortak lagundu du milaka neska-mutil algaraka izatea Bilboko kale, kantoi eta plazatan azpimarratu dute Bilboko konpartsek. Ostiralean burutu zen Aratusteetako ekintzarik «maiteenetako bat»: Bilboko kaleak kolorez, poztasunez eta ilusio handiz bete ziren Aratusteetako umeen desfile tradizionalari esker. Mozorro dibertigarri eta originalekin jantzita, 1.500 ikasle igaro ziren Bilboko kaleetatik musika lagun eta jai giroan.

Larunbatean ere, Golokaren, Irrien Lagunen eta Hortzmugaren antzezlanez gozatuz gain, umeek Gargantuaren bisita izan zuten, puzgarriak eta tailerrak aukeran izatearekin batera. Astelehenean, berriz, Dj Xaiborrek osatu zuen Bilboko Udal Musika Bandaren ohiko mozorro kontzertua.

Martitzenean, neska-mutilek Aratusteetako azken tailerrak izan zituzten jolasteko. Aratusteei amaiera emateko, sardinaren ehorzketan su eta «negar-anpuluz» bete zuten Bilbotarrek Arriaga Plaza. «Bilbotarrak beren zereginetara eta egunerokotasunetara itzuliko dira, ahaztu gabe datorren urtean hemen izango ditugula berriz gure aratusteak, nork nahi duena izan eta gozatzeko», dio Bilboko Konpartsak oharrean.

Euskal dantzak

Aurtengo berrikuntza izan da Euskal Herriko Aratusteetako hainbat dantza tradizional Bilbora hurbiltzeko ekimena. Bilboko bederatzi dantza taldek hartu zuten parte, Larunbat Erregularrean. Taldeek bost herritako inauteri tradizional garrantzitsuak aukeratu eta Bilbora ekarri zituzten, beren dantza, musika eta pertsonaiekin.

Beti Jai Alaik dantzatu zituen Luzaideko inauterien dantzak; Batasuna Arraizbidek eta Gure Herriak, Sorgin dantza; Gaztedik, Zuberoako Maskarada; Salbatzailek, Lapurdiko dantzak; eta, Lantzeko dantzan jardun zuten batera Batasuna Arraizbidek, Bihotz Alaik, Goi Herrik, Irutasunek eta Mikeldik. Bilboko konpartsek azaldu dutenez, ekimen horrek «indartu egin du» aurreko urteetan dagoeneko egiten zen euskal dantzak bultzatzeko saioa.

Eraso matxista

Halere, balantze honetan puntu beltzak ere badira. Bilboko Konpartsak jakinarazi duenez, aratusteetako igandean, gizon batek eraso matxista burutu zuen emakume baten aurka, Zazpi Kaleetan. Jai Batzorde Mistotik «irmoki» gaitzetsi dute eraso oro, eta «emakumeon askatasuna urratzen duen jarrera bortitzen larritasuna» azpimarratu nahi izan dute.

«Jai esparruak, eta hiria bere osotasunean, emakumeontzako leku seguruak izan daitezen nahi dugu. Bitartean, autodefentsa eta elkarren babesa sustatzen eta erabiltzen jarraituko dugu, gozamena aldarrikatzen jarraituko dugu, iluntasunaren gainetik egongo gara, eta errespetua eta elkarren zaintza aldarrikatzen segituko dugu. Kaleak, gaua eta jaiak gureak ere baitira! Baietz barik, ezetz da!», adierazi dute.