Naiz
Gasteiz

Haur errefuxiatuei buruzko ipuina, ikuskizun bilakatua

Iraganeko eta egungo gerretako galtzaile nagusiak haurrak dira. Hori erakutsi digute historiak eta albisteek. 1936ko gerrari buruzko ipuin batetik abiatuz, ikuskizuna sortu dute mota guztietako errefuxiatuen egoeraren inguruan kontzientzia sortzeko.

Patxi Zubizarreta eta Lorien Lopez eszenatokian. (NAIZ)
Patxi Zubizarreta eta Lorien Lopez eszenatokian. (NAIZ)

1936ko gerran Europara ihesi atera ziren umeen inguruko ipuina da ‘Beroki Gorria’, Patxi Zubizarretak idatzia eta Yolanda Mosquerak ilustratua. Baina bere ibilbidea egiten joan da eta orain ikuskizun bilakatu da, duela 70 urte bezain besteko gaurkotasuna duelako. Bihar Gasteizko Printzipal antzokian eskainiko dute emanaldia, 20.30ean.

Zubizarretak berak, gidoia egiteaz gain, ahotsa ere jarriko du eta Mosqueraren ilustrazioak ere ez dira faltako. Horiekin batera, Pello Ramirezek txeloa eta akordeoia joko ditu, Maddi Oihenartek abestu egingo du Imanol Elizasu & Zariatxo abesbatzarekin batera, Javi Ulla argiztapenaz arduratuko da eta Lorien Lopezek dantzatu egingo du. Diziplina anitzak batzen dituen «sentikizun» bezala definitzen du idazleak proiektua. Euskaraz eta helduei zuzendutako lana da.

2016an atera zuten liburua, Markinako Peru Abarka album lehiaketa irabazi ostean, baina orain istorio hura berpizteak badu zentzua, garai hartan errefuxiatuek laguntza bila Europara jo zuten bezala, egun ere gurera ihesi datozen errefuxiatuak ikusten ditugulako egunero. Drama berbera da. Horregatik, nahiz eta ‘Beroki Gorria’ lanak Euskal Herriari buruz hitz egiten duen, istorio unibertsal bat dela esan dezakegu.