
Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzain osoak bere hitzaldi-sarrera irakurri du, gaur, jendez mukuru zegoen Trebiñuko Done Petri elizan. 2018ko otsailaren 23an izendatu zuten euskaltzain oso, Iruñean, eta Patxi Uribarren emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea bete du González de Viñasprek.
Euskal toponimia eta euskararen hedapen muga historikoak bere biografiarekin uztartu ditu Gonzalez de Viñasprek, helburu jakin batekin: «Gazte-gazterik atentzioa eman zidan euskal itxurako zenbat leku-izen zirela Lagranen. Deigarria egiten zitzaidan hura, nire ezjakinean uste bainuen sekula ez zela euskararik mintzatu Arabako hegoalde horretan. Toponimiak erakusten duen bestelako errealitateak, ordea, jakin-mina piztu zidan. Zer-nolakoa zen Arabako arbasoek aho-mintzoan zerabilten euskara? Noiztsu galdu zen? Garai hartan sortu zitzaidan euskal hizkuntzarekiko interesa, motibazio horrekin», kontatu du.
Euskararen grina piztuta, 15 urterekin ekin zion euskara ikasteari bere kabuz. Trebiñu Konderriko Saseta herrian errotu zen Gonzalez de Viñaspreren familia eta 30 urte eman ditu bertan hango historia linguistikoa ikertzen, batez ere, toponimiaren bitartez.
«Euskara Trebiñu Konderriko kultura ondarearen ezinbesteko osagai dela» nabarmendu du. «Ageriko errealitate linguistikoa da iraganean ez ezik orainean ere», gaineratuz. Bide batez, kritikatu du Burgoseko agintariek hizkuntzari ematen dioten tratamentua, herriko gurasoen aspaldiko eskariei muzin eginez: «Euskarak ez dauka lekurik Trebiñuko eskola publikoan. Ikastetxeko gurasoen elkarteak eta Udaletxeak eginiko eskariei ez die kasurik egiten Gaztela eta Leon-eko Hezkuntza Sailak. Era berean, nabarmendu behar da Konderriko Gutxisolo elkarteak euskara sustatzearen alde eginiko lana». Gonzalez de Viñasprek bere mintzaldia amaitu du esanez «euskararen geroa, komunikaziorako hizkuntza-sistema bezala, euskaldunok erabiliz ematen dioguna» izango dela, «baita Trebiñuko barrendegian» ere.
Patxi Salaberri euskaltzain osoak erantzun dio Gonzalez de Viñaspreren hitzaldiari. Uxue inguruko toponimiaz jardun du Salaberrik. Euskaltzaindiak osoko bilkura ere egin du herriko udaletxean.
_copia.jpg)
Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen korapiloak askatzeko topagune berria
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)
