NAIZ

Oier Urrutia presoaren lagun batek istripua izan du bisitara zihoanean

Oier Urrutia presoaren lagun batek kotxe-istripua izan du gaur goizean Logroñoko espetxera bisita egitera zihoanean. Autobideko ordainlekua pasatu ondoren beste auto batek atzetik jo du. Laguna onik atera da baina bisita galdu egin du.

Oier Urrutia preso politikoaren lagun batek istripua izan du gaur goizean Logroñoko espetxera bisita egitera zihoanean. Etxeratek jakinarazi duenez, ezbeharra 10.30ak aldera izan da, Logroñon bertan. Autobideko ordainlekutik pasatu ondoren, beste auto batek atzetik jo du presoaren lagunaren kotxea.

Talkak txapan izan du eragina eta atzeko gurpil bat lehertu da, baian onik atera da Oier Urrutiaren laguna. Hala ere, istripuaren ondorioz bisita galdu du.

Etxeratek nabarmendu du azken hau dispertsioak eragindako urteko bosgarren kotxe istripua dela. «Ez dago euskal preso guztiak Zaballara ez hurbiltzeko, eta gaixo dauden eta adin nagusikoak diren presoak ez askatzeko arrazoi bakar bat ere», adierazi du senide eta lagunen elkarteak eta elkarretaratzeak deitu ditu hurrengo egunetarako. 

Elkarretaratzeak

Lehenengo elkarretaratzea Iruñean izango da, bihar 20.00etan, Gobernu Zibilaren aurrean. Asteartean, Bilboko Arriaga Plazan, 19.30ean; eta ateazkenean, Donostiako Bulebarrean, 19.00etan, eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren Enparantzan, 19.30ean.