NAIZ

«Hamar egun pantailarik gabe» erronkari eutsiko diote Hergarai bailarako haurrek

Maiatzaren 14tik 23ra bitartean 32 herrietako 5.710 haur eta gazteei erronka berezia proposatuko zaie: hartara, pantailak alde batera uzteko gomita jasoko dute hamar egunez luzatuko den desafioaren baitan.  Euskal Herriko, Biarnoko, Ariexako eta Alsaziako haur eta nerabeak errezebitzen dituzten 49 hezkuntza eta aisialdi egiturek parte hartuko dute bere jatorria Quebecen duen ekimenean.

Eskola bateko haur batzuk tableta batekin. @france3tv
Eskola bateko haur batzuk tableta batekin. @france3tv

Pantailek gero eta toki gehiago hartzen dute helduen zein gazteen eguneroko bizitzan. Smartphone, telebista, bideo-jokoak, konsolak, ordenagailuak...  teknologia berrien presentzia emendatuz doa, berdin eremu publikoan zein pribatuan.

Jendarte hiperkonektatu horrek bere baitan dituen lanjera eta erronken gainean gogoeta egiteko Atlantiko bestaldetik datorren esperientzia plantan emanen dute hamar egunez Hexagonoko hainbat lurraldetan.

Orotara, 32 herritan gauzatuko da esperimentazio saioa. Biarno, Ariexa eta Alsaziako haur eta nerabeekin batera Nafarroa Behereko Hergarai bailarako haur eta gaztek bat egingo dute «hamar egun pantailarik gabe» desfioarekin.

Prestakuntza berezia

Hala nola haurtzaindegi edo ikastetxeetan, mediateka zein kultur elkarteetan, hainbat alorretako profesional eta bolondresek indarrak batuko dituzte hezkuntza ekintza
handi hori aurrera eramateko.

Ekimenaren sustatzaileek prentsa-ohar batean nabarmendu dutenez, «erronka eramanen duten haur eta nerabeak maila altuko partidu baten eramateko bezala prestatu dira, benetan aurkari ikaragarriak baitira pantailen aintzinean maiz eta luzaz atxiki nahi gaituzten profesionalak».

Ekimen anitz proposatuak izanen dira erronka iraunduko duen denboran. Hasteko, maiatzak 14an, asteartez, 20.00tan, Ahatsako liburutegian hitzordua eman dute haur eta nerabe bertara daitezen gustoko duten liburu batekin bertze haurrekin irakurketa une goxo bat partekatzeko. Maiatzak 16an, ostegunez, 20.00tan, Mendibeko eskolan haur eta gaztek etxetik ekarritako idatziak lagunei irakurtzeko parada ukanen dute.

ITW: Jacques Brodeur: «Il faut limiter le temps qu'on passe devant les écrans"