Nagore BELASTEGI
Donostia

Olatu Talkak atzera begiratuko du aurrera indarrez jarraitzeko

2.000 eragilek hartuko dute parte bihartik igandera bitartean Donostiako auzo guztietan antolatuko dituzten 200 baino gehiago kultur ekintzetan. Aurten  programatutako hainbat ekintzek itsasoarekin harremana izango dute.

Olatu Talkaren aurkezpena gaur goizean egin dute Kontxako pasealekuan. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Olatu Talkaren aurkezpena gaur goizean egin dute Kontxako pasealekuan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Olatu Talka kultura jaialdiaren X. edizioa ospatuko dute asteburu honetan Donostian. 2009an jaio zen ekimena Donostiako 2016ko Kultur Hiriburutza sustatzeko asmoz, baina urtez urte hain arrakasta handia du ezen ez den gelditu. Hiria dinamizatzen du eta erakusten du nola hiritarren artean kulturari eskainitako espazio ugari sortu daitezken.

Hamar urtetan jaialdian parte hartu duten eragileak gogoratzeko, ostiralean bertan erakusketa bat inauguratuko dute udaletxe parean. Orain arte lortutakoa gogoratzeko besterik ez da izango, Olatu Talkak ez baitu gelditzeko inolako intentziorik eta indarrearekin egingo du aurrera aurten ere.

200 ekintza baino gehiago programatu direnez ezinezkoa da guztien berri ematea, beraz, batzuk hautatu dituzte gaur goizeko aurkezpenean aipatzeko (egitarau osoa Olatu Talkaren webgunean kontsultatu daiteke). 2.000 pertsonek baino gehiagok jarri dute euren ilusioa auzo guztietatik egitarau oparoa prestatzeko, nahiz eta erdigunean eta batez ere Kontxako hondartzako inguruan izango diren ekintza gehien.

Egitarauko zertzelada batzuk

Egiako pasealekuan jada martxan da 44 emakume ilustratzaileen erakusketa, igandera arte ikusgai izango dena. Bertan bakoitzak egindako irudi bana eta biografia laburra ikusi daitezke.

Era berean, Loiolako Erriberetako fatxada handi batean mural bat pintatzen ari dira, udazkenean bigarren parte bat izango duen ekintza baten baitan.

Familientzako eskaintzari dagokionez, adibidez, Intxaurrondoko Ametzagaina parkean “Jolas-kratera” jarriko dute igandean 11.00etatik 17.00etara. Hezkuntza oinarrian duten joko kooperatiboak egingo dituzte bertan.

Aurten ere "Kontzertour" ekimena antolatuko dute, non 50 kontzertu inguru izango diren. Musika taldeez gain, DJak ere izango dira Alderdi Eder inguruko espazio desberdinetan.

Musikarekin lotuta, Basque Reggae elkarte berriak “Ondarreggae jaia” prestatuko du larunbatean Ondarretako hondartzan. Egun osoan zehar musika estiloari buruzko hitzaldiak eta kontzertuak izango dira kultura hori bertatik bertara ezagutzeko. Espazio berean Dabadabak “Mercadabadillo” bigarren eskuko merkatua antolatuko du, 12.00etatik 18.00etara.

Loiolako Erriberetako Oroimenaren Lorategian “Argiartean” festa egingo dute ostiralean 22.00etatik 1:00etara. Bertan argi instalazioak, musika, ikus-entzunezkoak, proiekzio erraldoiak, poesia, performancea eta bideo mapinga izango dira.

Igandean, berriz, samba erakustaldia izango da 13.00etan Kontxako pasealekuan. Azkenik, egun berean 19.00etan itxiera ekitaldia egingo dute Aquariumaren parean, non estilo eta adin desberdinetako abeslariek itsasoarekin batera kantatuko duten.