NAIZ
Bilbo

Miren Amurizak jaso du Bilboko Liburu Azokaren Zazpi Kale saria

Berriki argitaratu du Miren Amurizak ‘Basa’ bere lehenengo eleberria eta gaur Bilboko Liburu Azokaren Zazpi Kale saria jaso du berriztarrak.

Miren Amurizak jaso du Zazpi Kale saria. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Miren Amurizak jaso du Zazpi Kale saria. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Miren Amurizak (Berriz, 1990) ‘Basa’ du bere lehenengo eleberria. Igartza sarira ‘Paperezko txoriak’ proiektua aurkeztu eta irabazi zuen idazle berriztarrak, eta Elkar argitaletxearekin argitaratutako lana da bere lehenengo nobela, nahiz literaturan eta iritzi zutabeen idazkuntzan baduen eskarmentua.

‘Basa’n, izateko modu zehatz bati argazkia egin dio Amurizak, eta paisaia intimo batera gerturatzen da Sabina protagonistaren eskutik. Baserri inguruan girotutako lana izanagatik ere, berea ez da baserri munduari buruzko obra bat. Aitzitik, muturreko egoera batera uzkurtu den emakume baten izaerari erreparatzen dio, hizkuntza maisuki erabiliz, labur eta zehatz adierazpenetan.

Gaurko ekitaldian izan dira, besteak beste, Bilboko Udaleko Kultura zuzendari Iñaki Lopez de Aguileta eta Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaile Asier Muniategi.

Ekainaren 9ra arte

Bilboko 49. Liburu Azoka Areatzako ibilbidean izango da ekainaren 9ra arte, goizeko 11.00etatik 14.00etara eta arratsaldez 17.00etatik 21.00etara, 55 erakuslerekin. Euskal zuzenbide zibila erakusketa ikusgai da Liburu Azokan, eta liburu aurkezpenek, hitzaldiek, sariek, tailerrek eta liburu sinadurek osatzen dute egitaraua.