2019/05/25

MIREN AMURIZA&HTAB;
BERTSOLARI ETA IDAZLEA

«Basa» da bere lehenengo nobela, Igartza beka eskuratu ondoan sortua. Inguru zehatz batean girotutako lana da, baserrira jo du Miren Amurizak, baina berea ez da landa giroko kontakizun bat, izateko modu zehatz baten jatorriari eta bere ondorioei erreparatzen dien obra baizik.

«Emakume askok hartu dituzte ahaldundu dituzten erabakiak, beharbada jakin barik»
Ariane KAMIO|BERRIZ
0525_kul_amuriza1ona

Izan zitekeen basatia, baina Miren Amurizaren (Berriz, 1990) estreinako nobela armoniatsua da. Agian basatasunak ere baduelako melodia propio bat, eta bizitzaren izateak berak eramaten duelako pertsona mutur batetik bestera, erabakiak erabaki, ia ohartu gabe. Bizitzaren ertzean baina eleberriaren erdian jarri du Sabina, emakume basa, eta ez basandrea, animaliekin inguruan dituen gizakiekin baino hobeki komunikatzen den baserritarra, nahiz bere orbitan dauden horiek bere senitartekoak izan, berea, tratatzea baino gehiago gobernatzea delako. Edo gobernatzea bera delako bere sentimendu uzkurtuetatik, errai ia itxietatik, ateratzen zaion maitasun-zabartasun keinu bakana. Baina ez bakarra.

Zer asmorekin aurkeztu zinen Igartzara?

Istorioari dagokionez?

Bai. Uste dut «Paperezko txoriak» zela zure lehenengo proiektuaren izenburua.

Atera kontuak “Paperezko txoriak” izenburuak iradoki dezakeenetik “Basa”-ra zer alde dagoen. Orduan, hasierako proiektuan ere, protagonista berbera zen. Orduko hartan beharbada bigarren mailako pertsonaien istorioak kontatuago zeuden, atzera-aurrera gehiago zeuden, baina trama nagusiari ez zioten ezer berezirik ematen. Ardatza berdina zen, Sabina.

Eta izaera aldetik berdina zen? Izenburuagatik diot, deigarria da batetik bestera doan jauzia.

Protagonistari begiratzeko modua da aldatu dena. “Paperezko txoriak” zaurgarritasunaren figura moduan aurkezten nuen. Protagonista berbera zen, eta bere bortizkeria hori, basatasun hori agertzen nuen, baina fokua zaurgarritasunean jartzen nuen gehiago. Baina ikusten nuen ez niola justiziarik egingo pertsonaiari.

Eta noiz etorri zen aldaketa hori? Noiz ohartu zinen alde basa horri garrantzi gehiago eman behar zeniola?

Sabina erdian jarri nuen eta galdetu nuen zer kontestu jarri behar nion berea eman zezan. Sabina mugimenduan jarriz eta ingurukoekin zituen interakzio horietan, nabarmen gailentzen zen basatasuna zaurgarritasunaren aldean.

Liburuan ez dago ekintza zentralik, baina gauza asko kontatzen dira. Ausart jokatu duzu lehenengo liburua izanik halako nobela bat osatzen.

Nik egiten dakidana egin dut. Eta ez dakit jakingo nukeen ekintza deitzen zaion horri buruz aritzen. Askotan ez da hainbeste zerbait gertatzen den ala ez, baizik zer da gertatzea?

Oso kontenplatiboa da eta pultsuari eustea ez da erraza. Nahikoa laua gera daiteke kontakizuna. Arrisku hori badago.

Bai. Eta inflexio puntu bat eduki nuenean horregatik izan zen. Dezente neukan idatzita, dena tonu berean eta bigarren mailako pertsonaiekin. Galdu egiten zuen kontaketak horrela, eta kendu egin genuen dena. Sabinaren inguruan tentsioa hainbestekoa da, hor hartzen dutela indarra eguneroko gatazkek.

Sabinaren jatorria zure oroitzapenetan dago?

Ni ez naiz baserritarra, baina bai baserri mundukoa. Baserri auzo batean hazitakoa naiz. Gurasoak, aitita-amamak datoz mundu horretatik. Irudi batzuk neuzkan buruan, batez ere andrazkoekin lotutakoak. Inguruan eduki ditudan alargun gehienak andrazkoak izan dira. Beraiek iraun dute gehiago, besteak beste, izaera horri eutsi diotelako. Eta irudiak nituen, emakumeok txerria hiltzen odola eskuetan, edo ortuan lanean eta azazkalak baltzituta, txakurrekin borrokan… Horrelako irudiak ditut nik, auzoko amamen ingurukoak. Ikusi nuen batura bat eginda osa zitekeela puzzle bat eta, era berean, emakume mota baten erakusgarri izan zitekeela.

Agortzear dagoen izateko modu bat da?

Esango nuke kontestua dela aldatzen ari dena. Tenperamentu hori edukiko dute 80 urteko baserriko emakumeek, baina kalekoek ere berdin. Beharbada basatasuna agertzeko modu hori ere aldatuko da. Pentsatzen dut gu heltzen garenean adin horretara egongo garela beste pertsonaia, beste izaki eta inguru batez inguratuta eta beste modu batera islatuko dugula, beste elementu batzuen bidez.

Telebistaren kontra arituko gara orduan gu borrokan…

[Barreak]. Hori da.

Baina Sabina ez da horrela izatez, bizitzak eraman du horra.

Liburuan agertzen da bere bizitzako pasarte bat oso basa, oso bortitz agertzen dena, baina niretzat bortizkeria bere horretan agertzeak ez dauka zentzurik eta gratuitoa izan daiteke. Kontua ez da bortitza den ala ez den, baizik zergatik den. Historian zehar badago bere ibilbidearen errekapitulazio moduko bat, umetatik hasi eta gaur egunera arte agertzen duena zergatik den horrelakoa.

Kuriosoa da bere seme-alabekin daukan harremana.

Sabina ohitu da luzaroan bizitza aurrera ateratzera, bere kriterioekin. Sakrifikatu ditu sakrifikatu behar izan dituenak, baina berak egin du berea, neurri handi batean berak hala nahi izan duelako eta laguntzarik onartu ez duelako. Heltzen da momentu bat, ordea, non ikusten duen bere burua ahultzen ari dela, adinaren ajeak datozkiolako. Baina seme-alabekin enfrentatzen duena da konturatzea nola gutxika-gutxika deslegitimatzen duten bera eta horren aurrean errebelatu egiten da. Eta kontrara ere bai, bera zaintzen saiatzen dira, baina berak zaintza keinu horiek kontrol mekanismo bezala ikusten ditu.

Oso emakume mesfidatia da. Edo hori da behintzat azalean ikusten dena.

Bere bizirauteko modua gotortzea izan da. Bere baserri inguruan bere burbuilatxoa sortu du. Bera indartsuago sentitu den momentuetan ere ingurukoekin konfiantza izateko motibo handirik ez du jaso, orduan, zenbat eta ahulago sentitu bera, orduan eta deskonfiatuagoa da inguruarekiko.

Hortik basurdearen simil hori. Basurdea ere bada animalia bat kontaktu humanoa saihesten saiatzen dena eta, era berean, gizakia ehizatzera doana. Zenbat eta inguratuago sentitu, Sabinak ere hori egiten du, eraso.

Gotortuta bizi izan dela esan duzu. Nik ahaldundutako emakume bat ikusi dut.

Gaur egun ahalduntzea modu kontzientean bizi dugu, baina emakume askok hartu dituzte erabaki asko bide horretan, beharbada jakin barik. Eta Sabina da kasuetako bat. Bere bilakaeraren klabeetako bat bada hori. Momentu batean erabaki bat hartzen du berak, ‘ni hemen [baserrian] geratuko naiz’, horrek suposatzen duen guztiarekin eta aurrera doa horrekin azken bururaino. Bi aldeekin. Alde batetik, ahaldundu da eta eusten dio bereari; eta bestetik, bidean zapaldu behar dituen guztiak zapaltzen ditu erabaki horri eusteko.

Hizkuntzari buruz galdetu nahi nizuke. Oso aberatsa eta oso berezitua, baserri mundutik datorrena.

Testuaren laburtasunari lotuta, konturatu nintzenean liburua motzetik joango zela, zeuden hitz eta esaldiek ahalik eta karga handiena izan zezatela nahi nuen. Eta, bestalde, kontestuari ere, soineko bati bezala, ahalik eta ondoen egokitzen zaizkion hitzak erabili ditut. Baserria da, baina beste nonbait girotua izango balitz ariketa berdina egiten saiatuko nintzateke. Gainera gozatzen dut horretan.

Hizkuntza bakarrik ez, baserri munduko ekintza edo ohitura batzuk ere txertatu dituzu.

Nire kezka nagusietako bat etengabe izan da sinesgarritasuna. Guretzat oso egunerokoak diren gauza asko beste batentzat agian sinesgaitzak izan daitezke. Gertatu ez da gauza handirik gertatzen, baina saiatu naiz erretratua ahalik eta zehatzena izan zedin.

Sinesgarritasuna diozunean, non zenituen zalantzak?

Pertsonaiekin, esaterako, karikaturetan erortzea edo klixeetan erortzea. Kartoizko pertsonaiak egiteak ematen zidan beldur handia. Sabinagandik figura idealizatu bat sortzea, matriarka baten figura sortzea hortik oso goxoki erakargarria izan zitekeen, baina hori ez nuen egin nahi. Ez nuen jainkosa bat sortu nahi. Eta beste pertsonaiekin berdin.

Zaintza da gatazka nagusietako bat. Semeak era batera ikusten du, alabak bestera, eta Sabinak berak oso desberdin praktikatzen du Henry koinatuarekin. Beste animalia bat bere bizitzan.

Gaurkotasunezko edozein gatazkari buruz ari garenean oso garrantzitsua da gatazka horretan parte hartzen duten agenteak konplexutzea. Ertz desberdindun pertsonaiak agertzea, alde batean zein bestean. Kasu honetan ez nuen panfletoa egin nahi. Sabinaren kasuan koinatuarekin duen harreman hori kontuan hartuta, izan liteke biziraupen mekanismo moduan. Behiei azpiak egitera zoazenean edo ardiak jeztera zoazenean behi horren atzean dagoen eraikuntzan pentsatzen jartzen ez zaren bezala, berak Henryrekin berdin hartzen du.

Baina zaintza hori botere harremanetik dago irudikatuta.

Bi hauen arteko harremana hasieratik dator botere desoreka batetik. Sabina nolabait ahaldundu egiten da, eta bere zaintza gaitasun hori erabiltzen du bestearen gainetik jartzeko mekanismo bezala. Sabinarentzat bera dago boterean, zeren ‘ni ez banator hortxe akatuko zara’; baina bestearentzat ere, deitzen dion bakoitzean, bera da Sabinaren bizitza etengabe mugatzen duena.

Biziraupena irudikatzen da bere osotasunean Sabinaren figuran.

Gehiago ari da ateratzen Sabinaren alde iluna, baina era berean, eta sinesgarritasunari lotuta ere, abanikoaren alderdi ilun hori bakarrik ematea ez zitzaidan interesatzen. Irakurleari eman nahi izan diot motibo bat gorrotatzeko eta beste bat maitatzeko. Ariketa hori etengabe egin dut idazketa prozesuan.

Non dago bere alde zaurgarria?

Badu barne hizkuntza bat animaliekin. Eta bietatik dago. Batzuetan laztanduz, eta besteetan egurra emanez. Barru-barruan andre honek ere denok nahi duguna nahi du eta behar du, kariño pixka bat. Zera gertatzen da, ordea, hain muturreko egoera batera heldu denez, ez dakiela eskatzen eta ez diola aitortzen bere buruari behar duenik.

Ez da erraza pertsonaiaren azpian dauden beldur eta mamu horiek azaleratzea.

Zuk ikusi dituzu?

Nahiz bera bakarrik egon, bakarrik egoteari beldurra dion pertsona bat da. Badaude heriotzaren usainetara gerturatzen duten momentu batzuk ere.

Bai, baliteke. Momentu batean, lanean ibili ostean, ohean etzaten da erdi zorabiatuta, eta txiza irteten zaio, alde egiten dio. Hain sentsazio gorpuztu bat… badoakit… nire gorputzeko jarioak ere ez ditut kontrolatzen. Parrastada txiki epel horretan gauza askok alde egiten du.

GERTATZEA


«Eta ez dakit jakingo nukeen ekintza deitzen zaion horri buruz aritzen. Askotan ez da hainbeste zerbait gertatzen den ala ez, baizik zer da gertatzea?»

BORTIZKERIA


«Niretzat bortizkeria bere horretan agertzeak ez dauka zentzurik eta gratuitoa izan daiteke. Kontua ez da bortitza den ala ez den, baizik zergatik den»

BERAK ERE


«Andre honek ere denok nahi duguna nahi du eta behar du, kariño pixka bat baina ez daki eskatzen eta ez dio aitortzen bere buruari behar duenik»