NAIZ

Libiako errefuxiatuen aurkako sarraskiaren gaitzespena ekidin du Trumpek Segurtasun Kontseiluan

Ameriketako Estatu Batuek (AEB) betoa ezarri diote NBEko Segurtasun Kontseiluan eztabaidagai zen Libiako errefuxiatu eremu baten aurka Haftar mariskalaren indarrek egin duten sarraskiaren gaitzespenari.

Errefuxiatuak, atxiloketa zentroaren kanpoaldean erasoaren biharamunean. (Mahmud TURKIA/AFP)
Errefuxiatuak, atxiloketa zentroaren kanpoaldean erasoaren biharamunean. (Mahmud TURKIA/AFP)

Washingtonek ez ditu bere jarreraren nondik norakoak azaldu baina Europako iturren arabera, AEBetako delegazioak ez zuen Etxe Zuritik argi berderik jaso Britainia Handiak aurkeztu zuen ebazpena onartzeko.

Idatzia nahiko leuna zen eta ez zion indar zehatz bati leporatzen 50etik gora hildako eragin zituen bonbardaketaren erantzukizuna. Gainera, su etena behingoan ezartzea eta negoziaketa politikoari heltzea proposatzen zien bi aldeei.

Donald Trump presidenteak Jalifa Haftar mariskalaren alde egin du, joan den apirilean telefonoz deitu zionean argi geratu zen moduan. Hil haren hasieran ekin zion Haftarrek Tripoli hiriburuaren aurkako erasoaldiari.

AEBak, Errusia eta Frantzia

Saudi Arabiaren, Egiptoren eta Emiratoen laguntza du Haftarrek eta AEBek armak helarazten dizkiete Haftarren indarrei Dubaiko erregimenaren bitartez.

Hala ere, Trumpena ez da Segurtasun Kontseiluak Libiako gerraren inguruan jaso duen beto bakarra. Errusiak gauza bera egin zuen, orduan Txinaren babesarekin, Haftarren erasoaldia salatzeko ebazpenaren aurka joan den apirilean bertan.

NBEk jakitera eman duenez, hildako errefuxiatuen kopuruak gora egin du eta jada 53 dira, tartean sei haur, eta 130 zauritu eragin ditu erasoak.

Erasoaren orduan 600 errefuxiatu zeuden atxiloketa zentroan eta bost eraikinetatik bik pairatu zuten bonbardaketa, bitan gainera. Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak salatu duenez, hauetatik 300 errefuxiatuk Tajurako zentroan jarraitzen zuten atzo bertan.