NAIZ

Bizkaiko Aldundiak zortzi lursail banatuko ditu nekazarien artean

Nekazal Lurraren Funtseko edo Lurren Bankuko zortzi lursail jarri ditu Bizkaiko Foru Aldundiak lehen sektorearen esku. Baratzera, bazkara eta fruitu txikietara bideratzen ahalko dira, Aldundiak jakinarazi duenez.

Etxaldeko emakumeen auzolana, joan den otsailean Zamudion. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Etxaldeko emakumeen auzolana, joan den otsailean Zamudion. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Bizkaiko Foru Aldundiaren zortzi lursailen lagapena bost eta hamabost urte bitartekoa izango da. Helburua, foru instituzioak azaldu duenez, nekazal ustiapenen jarraipena segurtatzea da; emakumeak eta gazteak sektorean sartzea; eta nekazaritza jasangarriaren garapena bultzatzea, nekazaritzako lur erabilgarrien galera gelditzearekin batera.

Busturia, Muxika, Loiu, Etxebarri, Galdakao, Bilbo eta Derion kokatutako lurrak dira banatuko dituztenak.

Jasangarritasun eta Inguru Naturalaren Saileko Nekazal Garapenaren Zerbitzuaren bidez jaso eta bideratuko dira lurrak erabiltzeko eskaerak. Jasotako eskarien artean, kontuan izango dituzte eskatzailearen profila, xedea, eredu produktiboaren ezaugarriak, enpresa plana, esperientzia eta formazioa.

Balorazio ona

Aldundiak jakinarazi du Lurren Bankuko lursailak erabiltzen dituzten hamar lagunetatik bederatzik gauza bera egitera gomendatzen dituztela kideak. Pertsona horiek oso nota ona jartzen diote lurren lagapenaren programari.

Nekazal garapenaren elkarteekin akordioak sinatu ditu programak, elkarte horiek informazioa zabal dezaten eta lurrak erabiltzeko interesa izaten ahal duten pertsonekin harremana egin dezaten, baita beren lurrak utzi nahi dituzten jabeekin ere.

Banatuko dituzten lursailak Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean agertzen dira, bakoitzaren ezaugarriak azaltzen dituzten fitxekin eta aurkeztu behar den eskaera orriarekin.