GARA
DONOSTIA

Egoitzen dekretu berriak egoiliarren ongizatea hobetuko duela dio Lakuak

ELAren ustez, Lakuak «maltzurki eta arduragabekeriaz» jokatu du, zahar-etxeetarako dekretuak ez duelako pertsonak artatzeko «inolako hobekuntzarik» bermatzen. Gobernuaren ikuspegia bestelakoa da.

ELAk ez du begi onez ikusi Lakuako Gizarte Politiketako Sailak herenegun atera zuen dekretu berria. Sindikatuaren iritziz, «ez du inolako hobekuntzarik ekarriko» zahar etxeetako egoiliarren arretan.

Dekretua egiteko era ere deitoratu zuen ELAk, atzo zabaldutako ohar batean: «Eusko Jaurlaritzak ez ditu eragile sozialak kontuan hartu dekretua egiterakoan. Eta horren garrantzitsua den testu bat idazteko, kolaborazioa ez eskatzea onartezina dela uste dugu».

ELArentzat aurrerapausoa baino atzerapausoa da dekretu berria. «Aurrekoa 1998koa zen, eta 21 urte itxaron ondoren, Eusko Jaurlaritzak atera berri duenak ez du arreta zuzena hobetzen. Jarduera honen larritasuna oso handia da, oso etorkizun etsigarria uzten digulako».

«Eusko Jaurlaritzak erabaki du gure helduen baldintza txarrak betikotzea», baieztatu zuen sindikatuak. ELAk, bere aldetik, “Bi ordu gutxienez ez ditugu merezi?” kanpaina jarri du martxan, helduentzako egunero kalitatezko bi orduko arreta bermatzeko bederen.

«Zoritxarrez, EAEko helduentzako arretaren sektorea hobetzeko, borrokaren bidea besterik ez zaigu geratzen, eta bide horretatik jarraituko dugu», adierazi zuen ELAk.

Gobernuaren ikuspegia

Lakuako Gobernuaren ikuspuntua bestelakoa da. Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Beatriz Artolazabalek, dekretu berriak «adinekoen ongizatea hobetzea eta horiei behar bezalako arreta ematea» ekarriko duela azaldu zuen atzo beste ohar batean. Zahar-etxe guztiek, publikoek zein pribatuek, izan behar dituzten baldintza guztiak (materialak, funtzionalak eta plantillari dagozkionak) arautuko dituela erantsi zuen.

«Halaber, dekretuak zentroetako jokabidearen ildo nagusiak jasotzen ditu, nori zuzenduak dauden definitzen du eta pertsona horiek dituzten eskubide eta betebeharrak ere zehazten ditu», agertu zuen sailburuak.

«Zentro berriek banakako gela gehiago izan beharko dituzte. Moduak eta mamia, biak dira berriak dekretuan: arreta pertsonalizatuaren filosofiara egokitzen da, arretaren kalitatea ziurtatzen duten gutxieneko batzuekin eta kalitatezko tratu hurbilarekin», gaineratu zuen Artolazabalek.

Arreta zuzeneko langileen ratioak hobetu direla ere jakinarazi zuen. «Dekretuan aurreikusten denez, zentro berrietan plazen %75 banakako geletan egongo dira; gaur egun %25ek dute banakako gela». Gela berriak handiagoak izatea ere eskatzen du dekretuak.

Dekretua Lakuaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietako eta Eudeleko ordezkari politiko eta teknikoen artean osatu dute, oinarrizko xede batekin: «Egoiliarrei zaintzak eta arreta bermatzea, beren autonomia pertsonalari eutsiz».