NAIZ
Iruñea

Nafarroako Hezkuntzan «premiazko» negoziazioa eman behar dela iritzi du Steilasek

Nafar Gobernuko Hezkuntza kontseilaria duela gutxi izendatu arren, Steilasen ustez «ezinbestekoa» da lehenbailehen hezkuntza itunaren jarraipen bilera eta mahai sektoriala deitzea. Iazko ikasturtean ezarri beharreko bost puntu ez direla bete ohartarazi du.

Nafar Gobernua eratu zela hilabete pasa da. Carlos Gimeno Gurpegui izendatu zuten Hezkuntza saileko kontseilari eta Steilasek «premiazko» negoziazioa eskatu dio. Sindikatuaren ustez «ezinbestekoa» da lehenbailehen hezkuntza itunaren jarraipen bilera eta mahai sektoriala deitzea.

2018-2019 ikasturtean Hezkuntza Itunean ezarri beharreko bost puntu bete ez zirela kexatu da Steilas. Gutxienez ikasturtean 5,5 hilabeteko jardun duten irakasle ordezkoei kontratua udako hilabeteetara ez luzatzea da ezarri ez den puntuetatik «larriena». Honek 800 bat laguni eragiten diela gaineratu du.

Steilasen esanetan errespetatu ez diren gainontzeko aldarrikapenak hauek dira: 60 urte baino gehiago duten irakasleen jardunaldi murrizketa; jardunaldi osotzat hartzea irakaskuntza zuzeneko 18 ordu Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta 15 ordu Bigarren Hezkuntzan; jardunaldi eta ordutegien foru dekretu zaharkitua berrikustea –1998. urtekoa da–; eta eskubide sindikalen negoziazioa.

Hauek ezartzeaz gain, nahitaezkoa deritzo mahai sektoriala deitzea gai jakin batzuk jorratzeko. Kontserbatorioko eta Haur eta Lehen Hezkuntzako azken oposizioaren arazoak aztertzea eskatuko dio Hezkuntza Sailari, baita Bigarren Hezkuntzako hurrengo oposizioa aurreikustea ere. Skolae programa Nafarroako ikastetxe guztietara zabaltzea ere aldarrikatuko dio, hala nola eskola segregazioaren aurkako plan bat eratzea.

Eskola Publikoa finantzatzeko legea eta kontratazio araudi negoziatzea ere funtsezko irizten du hezkuntza sindikatuak. Izan ere, 51/2018 Foru Agindua –Hezkuntza Departamenduko kontratazioa xedatzen duena– mahai sektorialeko sindikatu guztien aurkako botokien onetsi zela ohartarazi du eta hau epaitegietan balioetsi zela. «Araudi honek sekulako arazoak sortu ditu ikastetxeetan, kontratazio zerrendak oposizioaren emaitzen menpe daudelako», kexatu da eta honen ondotik kontratazio zerrendetan aldaketa «itzelak» sortzen direla: «Izugarri zailtzen da pedagogia proiektuei segida ematea eta irakasleengan ezinegon bidegabea sortzen da».