NAIZ

‘La serva padrona’ eta ‘Don Giovanni’ dira Donostiako IV. Opera Denboraldiko protagonistak

Opus Lirica eta Cuenca Ciudad de Musicak elkarlanean sortutako lehen obra, ‘La selva padrona’, eta  Mozarten ‘Don Giovanni’ izango dira Donostiako IV. Opera Denboraldiko protagonistak. Otsailean oholtzaratuko dira, Kursaalen eta Victoria Eugenian.

Donostiako opera denboraldiaren aurkezpena. (NAIZ)
Donostiako opera denboraldiaren aurkezpena. (NAIZ)

Donostiak opera denboraldia izan dezan ahaleginetan dihardu Opus Lirica konpainiak eta, hala, aurten ere egin dute euren proposamena. Kursaal Eszenaren babesarekin, IV. Opera Denboraldia izango dena aurkeztu dute: «Aurkezpen hau pauso garrantzizkoa da oso konpainiaren ibilbidean, Donostian opera-denboraldi iraunkorra sortzeko helburuz sortu baitzen, eta, hiru urteko lan handi eta gogorraren ondoren, lortu egin dugu. Amets hau errealitate bilakatu zen lehen denboraldiarekin, eta, orain, aurrera daramagun denboraldi berri honekin Donostian operaren finkapena lortu dugu», esan du Mari Jose Telleria, Gipuzkoako Diputazioko Kultura zuzendariak.

Opus Lirica eta Cuenca Ciudad de Musicaren arteko lehen elkarlana, Pergolesiren ‘La serva padrona’, da oholtzaratuko dituzten bi operetatik lehena, Oiasso Orkestra eta ADAO Abesbatzaren partaidetzarekin. Obraren argumentuak Ubertoren ezkontzeko nahia du abiapuntu: «Ubertok bere zerbitzari Vesponeri ezkontzeko emakume bat bilatzeko agintzen dio, modu honetan Serpinagandik libratzeko. Hau ikusita, dontzeila Vesponerekin batera Uberto engainatzen saiatuko da. Zerbitzaria Tenpesta Kapitainaz mozorrotzen da eta diru kopuru bat eskatzen dio Ubertori neskarengatik. Gizon zaharrak uko egiten dio diru hori ordaintzeari, Serpinaz betidanik maiteminduta egon dela konturatu baita», azaldu dute Diputaziotik.

Oholtzaratuko den bigarren lana ‘Don Giovanni’ da, bi ekitalditan banatutako drama, Mozarten musika konposizioa eta Lorenzo da Ponte-ren italierazko libretoa oinarri hartuta osatua. Pragako Antzokian estreinatu zen 1787an. «Da Ponteren libretoa, bere garaian, ‘dramma giocoso’ edo drama barregarritzat jo zuten askok, ekintza komikoa eta serioa adierazten dituen terminoa erabiliz. Mozartek ‘opera buffa’ gisara sartu zuen obra bere katalogoan. Nahiz eta askotan obra komiko gisa sailkatua izan den, berez komedia, melodrama eta naturaz gaindiko elementuak nahasten ditu», zehaztu dute.

Emanaldiak 2020ko otsailaren 21ean eta 22an izango dira (20.00etan eta 19.00etan, hurrenez hurren), eta 23an familientzako emanaldi berezia ere izango da, 17.00etan hasita.