NAIZ

Llotja de Mar-eko indarren bultzada, agerian: 2 miliotik gora boz eta 29 diputatu

Duela hiru aste Kataluniako, Euskal Herriko eta Galiciako indar politikoek sinatutako akordioak bere indarra erakutsi du eta bloke indartsua osatuko du Kongresuan ere: 2.046.385 boz batu ditu eta 29 eserleku bildu ditu Espainiako ganbara nagusian, ia %10a.

Llotja de Mar-eko adierazpenaren sinatzaileak. (Ramón SOLA)
Llotja de Mar-eko adierazpenaren sinatzaileak. (Ramón SOLA)

Independentismoaren aurrerakada nabaria da Estatu espainolean, eta udazken honek ekarri duen berritasuna da Bartzelonan urriaren 25ean sinatutako akordioa, lehenbizikoz indarrak bildu baituzte Kataluniako, Euskal Herriko eta Galiciako indar politikoek, komuneko programa baten inguruan.

Igande honetako hauteskundeek Llotja de Mar-eko akordio honek duen gaitasuna agerian utzi dute, gainera. Izan ere, 2 milioi boz baino gehiago bildu dituzte adierazpenaren sinatzaileek: 869.934 ERCk, 527.375 JxCat-ek, 276.519 EH Bilduk, 244.754 CUPek, 119.597 BNGk eta 18.206 Balear uharteetako Mes-Esquerrak. Guztira, 2.046.385 botuemaile, beraz.

Emaitza horrek 29 eserleku eman dizkie Kongresu berrian (13 ERCk, 8 JxCat-ek, 5 EH Bilduk, 2 CUPek eta 1 BNGk), hau da, apirilean baino hiru gehiago. Eta batuketa honek bertako laugarren bloke politikoa bilakatzen du ganbara horretan PSOE, PP eta Voxen atzetik. Kongresuaren ia %10a suposatuko du, beraz, eta esparru mugatutik (zirkunskripzio gutxitatik alegia) eragiten dutela kontuan harturik, ez da gutxi.

Autodeterminazioa, eskubide zibil eta politikoak, preso politikoak aske uztea eta gizarte politika aurrerakoiak bultzatzea dira Llotja de Mar-eko akordioaren ardatzak.