Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

‘Joemak eta polasak’, jolasteko poema liburua

Jolasteko eta dibertitzeko poema liburua sortu dute Iñigo Astizek, letrez, eta Maite Mutuberriak, ilustrazioez. Eduki guztia sortu da jolasetik eta jolasa bera du helburu. ‘Joemak eta polasak’ iradokitzailea da izenburutik beretik eta, ezinbestean, irakurlearen konplizitatea behar du.

Maite Mutuberria eta Iñigo Astiz, azken lanarekin. (Maialen ANDRES I FOKU)
Maite Mutuberria eta Iñigo Astiz, azken lanarekin. (Maialen ANDRES I FOKU)

Trikimailuz josita dator poema liburu hau. Ez da jostailu bat, baino jolasteko sortu da. Errimak eta sonoritate biziak, kolore indartsuak eta azidoak. Maite Mutuberriaren marrazkiak eta Iñigo Astizen letrak fusionatu egiten dira izaki bakarra osatzeko. Elkarren azken proposamena da ‘Joemak eta polasak’, irakurri, imajinatu eta kontatzeko.

Adina alde batera uzten duen lana dela uste du Astizek, berdin du 10 urte izan edo 100 betetzeko eduki, horrek baino eragin handiagoa izango duelako irakurleak jostatzeko duen gogoak. «Jolasak daude poema zein irudietan, jolasak daude aurkibidean, eta izenburuan bertan… Jolastu nahi badu, hau da bere liburua», aipatu du gaur goizean, Donostian egindako aurkezpenean.

Testu hauetatik abiatuta, marrazteari ekin zion Mutuberriak, korserik gabe ordea. «Neure buruari hitz eman nion ez nuela 'ondo' marraztuko, baizik pozik eta gustora. Marraztu eta marraztu, pentsatu gabe», aitortu du. Poema bakoitzak badu bere iruditxoa, eta denen artean osatzen dute imaginario berezi bat. Badira ere bi orrialde hartzen dituzten irudiak, irakurketa laguntzeko eta zentzu poetiko bat jasotzen dutenak. Urdinak, berdeak, gorriak… arima arinak eta izaki bitxiak sortu ditu ilustratzaileak.

Ez da oroitzen Astiz noiz hasi zen liburu honetan dauden poemetako batzuk idazten, baten bat orain urte batzuk. Eta lagun baten alabaren jaiotzaren harira etorri dira gehiago, hura dibertitzeko, hura entretenitzeko. Whatsapp-ez ere bidaltzen dizkiola poematxoak, eta honen aitak erantzuten diola emotikono irribarretsuaz.

«Ehizan dabil katua eta ihesi kakatua. Eta batak beti korri eta bestea beti hegan. Azkenean nekatu da katua eta nekakatu kakatua», dio ‘Nekatu’ izena duen poemak. «Asmoa izan da hackeatzea liburuaren edozein tarte jolaserako baliatzeko. zenbakirik ez duen liburua da, eta hala ere aurkibidea du. Hain libreak izan gara hau sortzean, oraindik ez dakigula nola utzi diguten egiten», adierazi du, Elkar argitaletxeari esker ona adieraziz.