NAIZ

Aurrerapausorik ez eta hilabeteko grebak aurrera jarraitzen du Haurreskoletako kudeaketan

Astelehen honetan burutu duten mahai-negoziatzailean ez da eman aurrerapausorik eta LABek berretsi egin du hilabete bateko greba egutegia Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa alorrean. Urtarrilaren 24ra arte luzatuko da greba. Urtarrilaren 9an berriro batuko dira patronala eta sindikatuak.

LABeko ordezkariak Lakuan batzartuta zeuden bitartean, langileek protesta egin dute kanpoaldean. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
LABeko ordezkariak Lakuan batzartuta zeuden bitartean, langileek protesta egin dute kanpoaldean. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Astelehen honetan abiatu da LABek iragarrita zuen hilabete bateko greba egutegia Haurreskolak Partzuergoko kudeatzaileen arloan. Urtarrilaren 24ra arte luzatuko da greba deialdi hau. Tartean, urtarrilaren 9an, mahai-negoziatzailearen bilera berri bat egingo dute.

Astelehen goizean burutu dute urteko azken mahai-negoziatzailea Lakuaren egoitzan eta LAB itxaropentsu bertaratu den arren, aurrerapausorik gabe jarraitzen du lan gatazkak. Abenduaren hasierako bileratik hona mugimenduren batzuk atzeman badituzte ere, ez dira nahikoak izan. Orain, batez ere, epeetan daude arazoak. Sindikatuaren arabera, patronalak ez ditu zehaztu plazaratu dituen proposamenak noiz aplikatuko dituen, eta berme falta agerikoa dela iruditu zaio.

Lan zamak txikitzeko lanpostuen zerrenda handitzea, Hezkuntza Saileko administrazio arloko langileekiko ekiparazioa, kudeatzaileen ordezkoen araudia eta barne sustapenak egiteko dokumentuak borobiltzea eta egin beharreko EPE deialdietan kontsolidazio prozesuak hastea dira LABen aldarrikapen nagusiak.

Berme eza

Honek jakinarazi duenaren arabera, patronalak egun dauden kudeaketako langileen kopuru bera eskaini du, urtarrilean lanpostuaren zerrendan argitaratzeko konpromisoarekin baina epeak zehaztu gabe. «Beste hiru lanpostu berri eskaintzen dituzte irailari begira, inolako bermerik gabe», kexatu da. Gainera, hiru lanpostu berri horiez gain, bat gehiago eskatzen du LABek, Lanpostuen Balorazio Batzordeak egindako lana aintzat hartuz.

Ekiparazio prozesurako ere bermerik erakutsi ez izanagatik kexatu da. Gainera, LABek exijitu du beranduenez 2020ko urtarrilaren 1eko atzeraeraginez bermatzea.

ELA eta Steilasi elkarlanerako deia luzatu zitzaiela gogoratu du baina saiakera honek ez duela emaitzarik izan. Gainera, kritikatu du berak deitutako greba «desitxuratzeko ahaleginak egiten» ari direla.

LABek duela urtebete sinatu zuen akordioa administrazio publiko eta patronalarekin. Urtebetean neurri horiek ez direlako garatu eta negoziazio «iruzurra» izan dela uste duelako hartu du greba egiteko erabakia. Abenduaren 9an izan zuten mahai-negoziatzailetik altxatu egin zen LAB eta horren ondotik erregistratu zuen hilabete bateko mobilizazio hau.