Manex ALTUNA
Elkarrizketa
IBON LARRAZABAL «LARRA»
SESTAO RIVER TALDEKO JOKALARI ETA KAPITAIN OHIA

«River-ek, hamaika jokalariez gain, herri oso bat dauka atzetik»

Ibilbide oparoa izan du «Larra»-k futbolaren munduan. Athleticeko harrobian hasi, Txantrea eta Osasuna Promesas-etik igaro –Kopako bi partida jokatu zituen lehen taldearekin–, Real Union, Sestao River, Eibar eta berriro Ezkerraldera buelta, kapitain bezala agur esan arte 2013an. Bi taldeen bazkidea izan arren, urte mordoan defendatu duen kamisetaren alde egingo du Kopako kanporaketan.

Txikitatik oso ezaguna izan da Larra Mungialdean. Futbolerako dohainak izateaz gain, tipo oso jatorra delako eta mota guztietako ekimenetan parte hartu izan duelako, bertso eskolan edo gazte asanbladan. “Herritik eta herriarentzat” leloari esanahia ematen dioten horietakoa. Futbol talde batzuetatik pasatu da gamiztarra, baina River da bere talde kuttunena, bertan erretiratu baitzen kapitain bezala.

Gustura itzuliko zinateke futbol zelaira Athleticen kontrako kanporaketa jokatzeko?

Zelan ez? Oso motibagarria da, batez ere beheko taldeetan egon garenontzat, Lehen Mailako talde baten kontra lehiatu ahal izatea. Aldi berean, partida honek Sestao moduko klub batentzat suposatzen duenagatik. Urtero ez du Kopa jokatzen eta sari bat izaten da, Athleticen kontra aritzea gehiago. Bere sasoian dena ematen nuen urte osoan zehar horrelako partiduak jokatzeko aukera heltzea itxaroten.

Zeinen alde egingo duzu kanporaketan, bi taldeetako bazkide zara eta?

Kasu honetan ez dut esango gezurrik eta bihotza erdibituta daukadanik. Futbol munduan, edozeren gainetik, ni riverzalea naiz. Egia da txikitatik Athleticeko bazkidea naizela, baina zalantza barik Riverren alde.

Athleticek irabaziz gero ere gaitz-erdi...

Athleticek aurrera eginez gero itxaropena daukat urrunera iristea Kopan. Baina poztuko nintzateke aurtengoagatik bada ere, Athleticek Kopa barkatzea.

Zer suposatzen du partida honek Sestao River moduko talde batentzat eta herriarentzat?

Riverrentzako, batez ere, ilusio handia ematen du eta adierazten du joan den urtean denboraldi oso ona egin zutela, nahiz eta azkenean igotzea ez lortu, eta aurten ere ondo dabiltzala. Klub eta herriaren partetik erakusten du bizirik daudela eta partidak sortzen duen ilusioak 80ko hamarkadan izandako sasoi hobeak gogoraraztea. Aldi berean, «hemen gaude» esan. Riverrek hamaika jokalari zelai gainean ordezkatzeaz gain, herri bat atzean dauka. Nahiz eta ez egon momenturik onenean aurrera egiteko ilusioa ematen du.

Urte asko egin dituzu Sestao Riverren, kapitain handi bezala agur esan zenuen bertan 2013an, zergatik da hain berezia talde hau?

Kluba eta ni oso gustura egon gara bertan emandako urte guztietan. Bertan aurkitu dudana eta lotu nauena izan da kluba ez dela futbol talde bat bakarrik, Sestao River herri oso batek osatzen du. Masa sozial handi bat dago oso inplikatuta. Jende langilea, umila eta bertako balioak asko gustatu izan zaizkit. Identifikatuta sentitu izan naiz, familia handi bat bezalakoa izan da eta ni bertako kide bat.

Athleticek ere antzeko zerbait ordezkatzen duela esan daiteke.

Bai, filosofia antzekoa da. Herri bat edo nazio bat atzetik izatea edo ordezkatzea. Beste gauza bat da sasoiak asko aldatu direla eta profesional munduan futbola ez da 80ko hamarkadakoa. Garai hartan ume guztientzat Athleticen jokatzea zen ilusioa, Athleticeko kamisetekin ibiltzen ginen denak. Gaur egun Bartzelona edo Liverpoolen kamisetak ikusten dira kalean. Balio eta sentimenduak aldatu egin dira apur bat gizartean eta ikusten dut hortik Athleticek lan egin beharko duela belaunaldi berriekin. Adurizenak baino, Messiren kamiseta gehiago ikusten dira-eta batzuetan.

Ezberdintasun handia dago maila aldetik, baina Athletic konfiantza gehiegirekin joaten bada sufritzea egokituko zaiola uste duzu? Partida bakarrera jokatzea zer iruditzen zaizu?

Liga bat izango balitz, bi taldeen arteko maila ezberdina nabarituko litzateke. Baina partida batera kontuz ibili beharko du Athleticek. Uste dut jakitun direla eta gaur egungo Athleticek badauzka bermeak partida serio bat egin eta akatsetan ez jausteko. Egia esan, jende askok pentsatu arren talde txikiek nahiago dutela partida batera jokatzea aukera gehiago izan ditzaketelako, joan-etorriaren alde egingo nuke. Azken batean, talde txikikoentzat motibagarriagoa da San Mamesen jokatu ahal izatea edo Lehen Mailako beste zelai batzuetan eta jokalariek eta zaleek ziur beti gogoratuko dutela partida.

Zurekin Sestaon ibilitako hainbat Lehen Mailara iritsi ziren –Toquero, Koikili, Ibai edo Añibarro– eta zu zeu Bigarren Mailara Eibarrekin, zelan gogoratzen duzu?

Batez ere harrotasunarekin, beraiekin jokatu ahal izan dudalako eta beraien beste izan naizelako. Batzuetan jokalari batetik bestera ez da alde handirik egoten eta momentua izaten da erabakigarria. Poztasun handia ematen du gogoratzeak. Batez ere, Añibarro edo Koik izandako ibilbidea, eguneroko lanak eraman zituelako gora adinean aurrera egin arren. Eibarren jokatzea kristoren aukera izan zen, nahiz eta maila galdu, pertsonalki asebeteta geratu nintzen eta partida asko jokatu nituen.