
Noam Chomsky pentsalariaren liburuak apenas daude euskaraz. Petti musikariak kantu batzuk eskaini dizkio “Manipulazio estrategiak” disko berrian. Harkaitz Canok, Chomskyk manipulazio informatibo eta mediatikoari buruzko analisietan ardaztutako hamar estrategiak euskarazko berbetara ekarri ditu. Eta kantu bilakatu dira Pettiren ahotsean. Loraldiak, zelan ez, kultur genero ezberdinak uztartzen dituen ikuskizuna izanik, aproposa ikusi du aurtengo jaialdirako.
«Bi urte eman ditugu lanean gai honen inguruan Harkaitz Canok eta biok», aitortu du Petti kantariak Bilboko aurkezpenean. Harkaitz Canoren proposamenak estilo ezberdinetara eraman ditu Berakoak. «Hiru kantu oso rockeroak sortu ditugu, zuzenean duten doinu zikina antzematen zaie, bertze sei soka laukote batekin grabatutakoak dira nolabait, akustikoagoak direla errango nuke, eta kitarrarekin bakarrik ere aritu naiz», azaldu du Pettik. «Ez da rock edo soul disko bat, badira bertze kantu lasaiagoak, eta kantu batek bi bertsio ditu, ni bakarrik eta Et Incarnatus orkestrarekin grabatutakoak». Kantu gogorrenak Berako Etxeko uzta taldeko bere kideekin grabatu zituen Atala estudioan, Iñigo Irazokiren kontrolpean. Beste guztiak Tolosako Bonberenean grabatu eta nahastu ditu, Karlos Osinaga Txap teknikoaren erranetara.
Hitzak edo geziak
Harkaitz Canorekin lehen asko lan egindakoa da Petti. Bilboko ekitaldi baterako batu ziren gainera, jaialdia ondo oroitzen ez badu ere; «Lau bortz urte izango dira, Gutun zuria, Loraldia… horrelako bat izanen zen». Harkaitz Canorekin agertu zen taula gainean, eta orduan musika eta literatura uztartu bazituzten, gerora itzulpenak, kantu berriak, denetarik landu dute idazleak eta musikariak. «Hitzak dira baina geziak ematen dute», esanez goraipatu nahi izan du Harkaitz Canoren jarduna. «Itzultzaile bezala adibidez, izugarria da, ez dizu kantu baten itzulpena egiten, neurrian ere doinuan sartzeko moduan igortzen dizu biharamunean», gogora ekarrid du Cano Pettik. «Itzultzeko eta sortzeko makina», deitu zion. Eta Pettik doinua eta ahotsa jartzen dizkie kantu eta letrei.
Disko hau horren berezia izanik, saiatu dira ahots guztiak antzera jartzen nahasketetan, eta Pettiren ahotsak eman dio batasuna “Manipulazio estrategiak” lanari. Berako lagunez gain, Juantxo Zeberio pianista, Et Incarnatus hari laukotea, Balerdi Balerdi taldeko Toño Muroren kitarrak edota Gorka Benitez saxoan edota Maite Larbururen ahotsa zan ditu ondoan Pettik.
«Ez da disko bat bakarrik, kultur artefaktua dela errango nuke», zioen Pettik. Datorren martxoaren 15ean kaleratu eta entzungai izango den lanari buruz mintzatuz. Diskoa Zart* kooperatibarekin argitaratu dute. «Alain Urrutia artistak egin du azala eta sortzailea da, Harkaitz Cano, Rafa Rueda, Mikel Urdangarin, Oier Aranzabalek sortu dute artista kooperatiba hau», argitu du.
Loraldian eskainiko duten emanaldian, Ana Galarragak «medium» lanak egingo ditu; Harkaitz Canoren hitzei ahotsa jarriko die, eta “Manipulazio estrategiak” lanaren sorkuntza prozesua gertutik jarraitu eta sustatzeaile nagusia izan da. Pettiren azken lanetan eta zuzeneko emankizunetarako bitartekari lanak egiten ditu zientzialari zarauztarrak.
_copia.jpg)
Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen korapiloak askatzeko topagune berria
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)
