naiz
DONOSTIA

Adinekoen egoitzetarako 56 neurri biltzen dituen «txoke plana» onartu du Gipuzkoako Aldundiak

Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak «txoke plana» onartu du koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko. 56 neurri planteatu dira, 240 zentrori eragiten diotenak. Tartean, adinekoentzako edo desgaitasuna duten pertsonentzako zentroetan dauden erabiltzaileentzako dirulaguntzak, senideentzako «arreta eta babesa» eta jarraipen «indibidual eta egunerokoak» nabarmendu dituzte.

Tolosako Iurreamendi adineko pertsonen egoitza. (Jon URBE / FOKU)
Tolosako Iurreamendi adineko pertsonen egoitza. (Jon URBE / FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Covid-19ak sortutako osasun krisiari aurre egiteko erakundearen Gizarte Politika departamentuaren ardurapean dauden baliabide eta zerbitzuetan aplikatzeko «txoke plana». «Plan honekin, mundu mailan aurrekaririk ez duen egoera honi modu estrategiko eta koordinatuan erantzutea bilatzen dugu, baino arlo guztietan eragiten ari dena: osasun arloan, sozialean eta ekonomikoan», esan du Eider Mendoza foru bozeramaileak.

Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur streaming bidez, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko. Azaldu duenez, txoke plana gauzatzeko, ezohiko 56 neurri planteatu dira, 240 zentrori eragiten diotenak eta, hauetan, 7.000 pertsonari ematen zaie arreta.

Lehen helburua «birusaren hedapenari aurre hartzea» da, horretarako «beharrezkoak diren baliabide guztiak erabiliz». Zentzu horretan kokatu du, duela bi astetatik, eguneko arretako zenbait zerbitzu bertan behera geratu izana. Era berean, zentro guztietara gomendioak eta protokoloak igorri dira. Gainera, adinekoentzako edo desgaitasuna duten pertsonentzako zentroetan dauden erabiltzaileak eta beraien etxeetara tokialdatzea eskatzen dutenen kasuan, beraien egoerak posible egiten badu, beraien etxeak egokitzeko beharrezkoak diren laguntza teknikoa eskainiko zaizkiela iragarri du. Gainera, dirulaguntza emango zaio familian jasoko duen zaintzagatik.

Bestetik, suhiltzaileen foru zerbitzuaren laguntzarekin, egoitza batzuk desinfektatzen hasi da Aldundia. Zerbitzu hau Gipuzkoako egoitza guztietara hedatuko da, eta gutxienez astean behin egingo da. Modu beran, Mendozak gogora ekarri du jada martxan dagoela Donostian Gurutze Gorriak duen zentro soziosanitarioa, 120 lagunentzako tokia duena. Atzo iritsi ziren lehenengo bi pertsonak baliabide horretara.

Adierazi duenez, «jarraipen indibiduala eta egunerokoa» egiten ari zaie egoitza guztiei, «bai erabiltzaileei zein langileei».

Norabide berean, egoitzetako erabiltzaileetako familientzat arreta eta babeserako zerbitzu berria jarri dute martxan eta «informazioa indartzeko» konpromisoa era agertu du Mendozak. Azken puntu horreran harira erabiltzaileen eskura jarriko da TeleZaintza (900 43 43 43) telefono zerbitzua. Bertan, babes psikosoziala edota laguntza ekonomikoen ofiziozko eskaerak egin daitezke. Bestalde, egoitza denetan erabiltzaileen eta beraien familien artean komunikazio sare segurua bermatzeko asmoa adierazi du. Informazio jarioa herritar guztiekin hobetzeko konpromisoa ere azaladu du.