NAIZ

Interdependientes.org sortu dute, etxeko eta zainketetako emakume langileak laguntzeko plataforma

Astelehenean, martxoak 30, Etxeko Emakume Langileen Nazioarteko Eguna izanen da. Testuinguru horretan, Covid-19aren pandemiak eragindako zaintzen krisia ikusia, Etxekotu Gabeko Emakume Langileak taldeak eta Mundubat Fundazioak interdependientes.org plataforma birtuala aurkeztu dute. Etxeko langileek etxeko langileentzat egina. Doako aholkularitza juridikoa eta lan eskubideei buruzko informazioa eskaintzen die langileei.

Interdependientes.org da Etxekotu Gabeko Emakume Langileak taldeak eta Mundubat Fundazioak sortu duten proiektu berria. Plataforma digital bat da, etxeko eta zainketetako langileei doako aholkularitza juridikoa eta lan eskubideen inguruko informazioa eskaintzen diena.

Sustatzaileek ohar batean adierazi dutenez, koronabirusak eragindako osasun krisiak agerian utzi du, berriz ere, etxeko eta zainketetako lanen sektorea alde batera uzten dela neurri sozial eta ekonomikoak hartzerakoan. Ezer gutxi aipatu da egunotan zer nolako eragina duen pandemia honek langile horiengan: bidegabeko kaleratzeak, kalte-ordain urriak, langabeziarako eskubiderik gabe…

Zehaztu dutenez, larrialdi egoera izendatu eta 10 egunera egin zen sektorearen lehen aipamena, etxeko eta zainketetako emakume langileak babesten dituzten mugimendu eta taldeen etengabeko aldarrikapenen ondorioz.

Sektorearen %30, diru-laguntzetatik at

Espainiar Gobernuak azaldu zuen koronabirusaren krisiagatik lanik gabe geratzen diren etxeko langileek diru-laguntza jasoko dutela, Aldi baterako Enplegu Erregulazioa ezarri dieten langileen antzera. Horretarako, enplegatzaileek kaleratu edota lana eten dietela frogatu beharko dute. «Horrek esan nahi du sektorearen %30a neurri horretatik kanpo geratuko dela, administrazio egoera irregularrean dagoelako». Neurri hori, gaur, ostirala, onartuko da Ministroen ezohiko Kontseiluan.

Egoera horren aurrean, Etxekotu Gabeko Emakume Langileak taldeak eta Mundubat Fundazioak interdependientes.org webgunearen argitalpena aurreratzea erabaki du. Plataforma hori etxeko langileek etxeko langileentzat eginikoa da. «Kide asko etorri dira jada guregana kaleratzeen inguruko aholkuak eskatuz», azaldu du Josefina Roco Sanfilippok, Etxekotu Gabeko Emakume Langileak taldeko kidea eta Mundubateko Genero eta Feminismoetako Departamentuko teknikaria bera. «Ez dute inolako babesik, ez dute langabeziarako eskubiderik, ez dute alokairuak ordaintzeko modurik… Askok ez dute inguru sozialik ere eta, beraz, inork ezin die lagundu».

Pandemia hasi baino lehenagotik zeraman martxan plataforma horrek, baina amaitzeko prozesua azkartu dute azken egunotan jasotako dei zaparrada dela-eta: «Interdependientes.org webgunearekin krisi honen aurretik jada jasanezina zen egoerari erantzun kolektibo bat eman nahi diogu. Lehen zaurgarritasun eta bidegabekeria egoeran geunden, baina egoera berri honek are gehiago jarri ditu agerian sektoreak jasaten dituen eskubide urraketak», azpimarratu du Rocok.

Doako aholkularitza juridikoa

Webguneak langileentzako dokumentazio erabilgarria eskaintzen du: kontratu mota aunitz egiteko ereduak, nominak egiteko txantiloiak edota euren eskubideak babesten dituzten legeen laburpenak. Interesgarriak diren albisteak ere argitaratzen dira bertan, ekonomia feminista eta zaintzen ekonomiari buruzko materialak, agenda… Baina elementurik berritzaileena, zalantzarik gabe, doako aholkularitza juridikoa jasotzeko atala da: interdependientes.org/contact.

Etxeko eta zainketetako emakume langileek bertan dagoen postontzira bidal ditzakete euren lan egoerari buruz dituzten zalantzak, euren eskubideak bermatzen ari direla ziurtatu dezaten.

Covid-19aren krisia dela-eta, plataformak inkesta bat ere jarri du martxan, etxeko eta zainketetako emakume langileengan izaten ari den egoera ezagutzeko: www.interdependientes.org/observatorio. Galdetegi horrekin, koronabirusaren krisia langileen eremu profesional eta pertsonalean izaten ari den eraginari buruzko testigantzak bilduko dituzte. Sektoreak jasaten duen babesgabetasuna ikusarazteko tresna bilakatzea da xedea.