Auzolanaren bidez, internetik ez duten familien hezkuntza eskubidea bermatuz
Bilboko Elkartasun Sareak Izarkom telekomunikazio operadore kooperatibaren 100 SIM txartel banatu ditu, koronabirusaren krisiak agerian utzitako arrakala digitala auzolanean gainditu eta internetik ez duten familien hezkuntza eskubidea bermatzeko.

Koronabirusaren zabalpena gelditzeko hartutako lehen neurria eskolak eta ikastetxeak ixtea izan zen. Euskal Herriko ikasleak hezkuntza era telematikoan jasotzen ari dira martxoaren erdialdetik, baina beraien familien egoera ekonomikoa zaila izanik, interneterako sarbidea ez duten ikasleen hezkuntza prozesua kolokan geratu da. Bilboko elkartasun sareak antolatzen hasi ziren konfinamenduak eragindako problematika ezberdinei konponbideak auzolanean bilatzeko asmoz eta, arrakala digitala identifikatu ostean, martxan jarri ziren orain aste batzuk.
Bilboko Elkartasun Sareko kide den Gaizka Suarezek gogora ekarri du euskarazko mintza praktiken lantaldeko arduradunak aipatu zuela gaia. Ekimen horren bidez, astero bi aldiz harremanetan jartzen dira telefonoz ikasle ezberdinen euskalduntzeko eskubidea bermatzeko eta konturatu ziren askok ez zeukatela etxean interneteko sarbiderik. Azaldu duenez, hezkuntza hori ez jasotzeak «ondorio kezkagarriak dakartza ikasle horientzat: euskararen ikasketa eta erabilera erabat etetea, ikasleen arteko jakintza desorekak handitzea edo eskolaren bidez egindako sozializazio prozesutik isolatua geratzea».
Horrela, Izarkom telekomunikazio operadore kooperatibarengana jo zuten eta elkarlanean doako 100 SIM txartel banatu dituzte Bilboko 100 familiaren artean. «300 ikasle inguruk hezkuntzarako beraien eskubidea bermatuta izango dute segregazio sozio-kulturala ekidinez», azpimarratu du Suarezek.
Bilboko Elkartasun Saretik zubi-lana egin dute ikastetxe eta beharrizan sozialak dituzten pertsonei laguntzeaz arduratzen diren elkarteen artean. Ordenagailuak bilatzeaz ikastetxeak arduratu dira, eskoletan zeudenak etxeetara bideratuz. Txartelek 17 GB dituzte eta 11 euro balio dute hilabeteko, kostuari aurre egiteko crowdfounding kanpaina abiatu dute aste honetan Itsulapikoa plataformaren bidez. Gutxienez 1.300 euro lortzea dute helburu.
Egoera ezohiko batean laguntzeko aukera
Izarkom ekonomia sozial eraldatzailean oinarritutako egitasmoa da eta kooperatiba bezala eratua dago. Gari Garaialdek gogora ekarri duen bezala, Bilboko ekimenarekin bat egin aurretik Euskal Herriko beste udal eta ikastetxe batzuekin ere egin dute elkarlana. Elgetan, Ordizian, Donostian edo Oñatin, esaterako.
Azaldu duenez, Izarkomeko bazkide eta erabiltzaile den irakasle bat beraiekin harremanetan jarri zen komentatuz bere 4-5 ikaslek ez zutela etxetik lan egiteko aukerarik, ez baitzuten interneterako konexiorik eta ea horrentzako irtenbiderik ote zegoen.
Koronabirusak eragindako egoera ezohikoa izanik, laguntzeko aukera zegoela ikusi zutela dio Garaialdek, bazkide egin beharrik gabe «zerbitzu horiek ahalik eta merkeen jarriz». Ikastetxei, eta ez norbanakoei, zuzendutako ekimena dela gaineratu du.
900 bat SIM banatu dituzte dagoeneko, baina 1.000 txartelera mugatzeko erabakia hartu behar izan dute. «Ekimen honek Izarkom hankaz gora jarri du eta baliabide pertsonal eta, batez ere materialak, agortu egin zaizkigunez –SIM txartelik gabe geratzetik oso hurbil gaude–, ekimena 1.000 txartelera mugatzea erabaki dugu. Ez dugu gehiago eskaintzeko aukera errealik», dio Garaialdek.

Osakidetza anuncia un paquete de medidas para agilizar la Atención Primaria

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

