I-S.
Iruñea

Astelehenetik aurrera, kozinatu haurrekin NAIZen eta magazin berria Irratian

FOKUk ekoitzita eta Eider Altxuren eskutik, astelehenetik aurrera haurrekin jaki zaporetsu, osasungarri eta errazak sukaldatzeko bost saio eskainiko ditugu NAIZ.EUS-en, 12.30ean. NAIZ Irratian, bestalde, magazin berria abiatuko da.

Honezkero hilabete igaro dugu itxialdian. Orokorrean pribilegiatuak izan arren, ez da erraza izaten ari. Hasieratik, koronabirusaren gaitzaren aurrean, fase honetan, gure komunikabideen funtzioa enfoke kritikoa ematea, informazio kontrastatua zabaltzea eta zerbitzu publiko gisa dugun ardura gure gain hartzea izango zela azpimarratu genuen. Horren harira, lehendabiziko egunetik entretenimenduaren eremuan sartu ginen, umeentzako denbora-pasen orrialdea sartuta, adibidez. Gero yoga eta zumba klaseak etorri ziren, arrakasta izugarria izan duten saioak, NAIZen.

Hari horri tiraka, datorren astean bi ekimen berri aterako ditugu aurrera. Alde batetik, irratsaio berri bat NAIZ Irratian. Beste aldetik, FOKUk ekoitzita eta Eider Altxuren eskutik, umeekin kozinatzeko bost saio ikusi ahal izango dira NAIZen, astelehenetik hasita.

«Bigarren kafea» magazina

Irratiaren kasuan, astelehenetik ostiralera, 16.00etatik 18.00etara, “Bigarren kafea” magazin berria abiatuko da.

Iñigo Asensio, Arrate Hernandez eta Iñigo Etxarriren gidaritzapean denetik eta denentzat izango du saioak: kultura, harremanak, sexualitatea, ekonomia, bidaiak...

Kolaboratzaile talde zabala gehituko zaio, gainera, lantaldeari. Hauek, besteak beste: Ainhoa Martzol tendentziez aritzeko, Donna Apellaniz emozioez, May Gorostiagak eta Iker Laurobak politikaren analisi komiko-musikala egingo dute astero, modaz ariko da Maria Laspiru, Oihana Maritonera arte eszenikoez ariko da eta Javi Rivero sukaldaria gastronomiaz.

 

Haurrekin kozinatzen

Sukaldaritza saio berriari dagokionez, eguerdi aldera, 12.30ean, umeek eskolako goizeko ordutegia amaitzearekin bat, egunean bertan bazkaltzeko edo datozen otorduetarako gordetzeko moduko jakiak prestatuko ditu Eider Altxuk. Alegia, programarekin aldi berean edo ondoren, nahi denean, egiteko moduko saioak dira. Bost emanalditan kuskusa, taloak, porru patatak, bizkotxoa eta madalenak egingo dituzte. Jaki zaporetsuak, osasungarriak eta errazak.

Eider Altxuren sukaldaritza saioa zinez da praktikoa; gakoa ez da soilik etxean erraz egiteko moduko errezetak emango dituela, baizik eta zuzenean hiru umez lagunduta egingo dituela emanaldiak. Auzi honetan teoria eta praktika ez baitira gauza bera, inondik inora.

Euskara ikasten ari diren pertsonentzat ere saio aproposak izango dira.