
Gernika-Lumoko Udalak komunikabideetara igorritako ohar batean jakinarazi duenez, heldu den igandean, apirilak 26, egingo dituzte bonbardaketaren biktimen omenezko ekitaldi sinbolikoak, koronabirusak eragindako itxialdiak erabat baldintzatuta.
Goizeko 11.30ean, Jose de Labauria sasoi hartako herriko alkatea omenduko dute Don Tello eta Nere Kabia kaleen artean dagoen plazan, eta 12.00etan, ‘The Times’ egunkarian bonbardaketaren berri eman zuen George Steer kazetari britainiarrak jasoko du omenaldia, Barrenkalebarrena kalean. Lore eskaintza egingo dute bi ekitaldietan.
Bonbardaketa gogora ekartzeko ekitaldi tradizionalek arratsaldean jarraituko dute, kanpai hotsekin eta sirena jota 15.45ean, hiribildua bonbardatu zuten unea gogora ekartzeko. Zallo hilerrian hildakoei omenaldia egiteko lore eskaintza ere egingo da, 16.30ean, Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatearen parte hartzearekin. Azkenik, gauez, 21.30ean, kandelak piztuko dira balkoietan, martxa isilaren ordez.
Arratsaldeko ekitaldi guztiak streaming bidez ikusi ahal izango dira www.gernika-lumo.net web atarian eta udaleko Facebook eta YouTube kanaletan.
Hiru eguneko egitaraua
Ekitaldi nagusiak apirilaren 26an egingo badituzte ere, hiru eguneko egitaraua osatu du Gernika-Lumoko Udalak. Hala, ekitaldiak apirilaren 24an hasiko dira. Gernika Batzordearen artxibo historikoa eskuragarri jartzeko proiektuaren lehen lagina aurkeztuko dute www.guernicagernikara.eus webgunean.
Egun berean, Ingo Niebel historialariarekin skype bidez izandako elkarrizketa zabalduko dute.
Apirilaren 25ari dagokionez, larunbata, Angel Viñasen skype bidezko elkarrizketa zabalduko dute goizean. Arratsaldean, Pavel Égüez Ekuadorreko artistak egin duen ekarpen artistikoa aurkeztuko dute.
Ekarpen artistikoari jarraituz, Gernika Garretan herri-antzerkiak bere azken antzezlanaren irudi eta aurtengorako aurreikusia zuen antzezlan entseguen irudiekin -Ander Lipusen gidaritzapean- eginiko bideo proiekzioa argitaratuko du Udalak.

Insultan a una esquiadora italiana por hablar ladino en una entrevista

La sanción a un mando por tocamientos a una cantinera desata una reacción machista en Irun

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

