NAIZ

Chivitek «estaldura» eskatu dio Sanchezi; Urkulluk, «batera erabakitzea»

Iñigo Urkulluk «irizpide gehiago eta tutoretza gutxiago» eskatu dio Pedro Sanchezi eta, «Alemanian bezala», elkarrekin erabakitzea proposatu dio. Maria Chivitek, aldiz, «estaldura-mekanismoak» galdegin dizkio sektore kaltetuentzat, eta ikasgeletara itzultzeko «osasun aldetik» segurtasuna bermatzen ahal den baloratzeko erran dio.

Urkullu minduta agertu da Sanchezek presidente autonomikoekin bildu aitzinetik ematen dituelako prentsaurrekoak. (IREKIA)
Urkullu minduta agertu da Sanchezek presidente autonomikoekin bildu aitzinetik ematen dituelako prentsaurrekoak. (IREKIA)

Normaltasunerako bideari ekiteko «irizpide gehiago eta tutoretza gutxiago» behar dela ohartarazi dio Iñigo Urkulluk Pedro Sanchezi eta, Alemaniaren ereduari jarraituz, autogobernua errespetatuz eta irizpide orokorrak partekatuz elkarrekin erabakiz lan egitea proposatu dio. Maria Chivitek, berriz, behin alarma egoera bukatzean lan faltagatik kaltetuak egonen diren sektore eta langileentzako «estaldura-mekanismoak» martxan jartzeko galdegin dio.

Minduta agertu da EAEko lehendakaria presidente espainolak autonomia erkidegoetako presidenteekin egin duen bileran, Sanchezek topaketaren aurretik ematen duelako prentsaurrekoa astero.

Bere hitzaldiaren hasieran Gernikako bonbardaketa aipatu du, gaurko egunean 83 urte bete dituelako. Omenaldia egin nahi izan die bonbardaketaren biktimei, eta Gernikan gertatutakoa «gainditzeko gaitasunaren adibide bat» dela azpimarratu du.

«Aurrekontu-egonkortasunerako bide berri bat»

Covid-19ak eragindako egoerari aurre egiteko, zer hiru jarduera-eremu lehenetsi proposatu du. Aurrena: «Osasun lehentasuna, lehen mailako arreta indartzeko faseari eta Covid-19az kutsatutako balizko pazienteen behaketari lotuta, 4.000 test baino gehiago eginez».

Bigarrena: Lehentasun sozio-ekonomikoa. Esparru horretan, EAEko lehendakariak mahai gainean jarri du «Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren esparruan aurrekontu-egonkortasunerako bide berri bat hitzartzeko beharra, berehalako osasun premia sozialei erantzuteko, baita ekonomia eta enplegua suspertzeko ere».

Hirugarren lehentasuna «normaltasun berrirako trantsizioa» da. Ildo horretan, Lakuak egindako normaltasun berrirako trantsizio planak jasotzen dituen proposamenetako bi azpimarratu ditu. Alde batetik, merkataritza jarduera pixkanaka irekitzea, elikagaien saltokien muga berdinekin. Bestalde, udari begira eragin sozial handiena duten gaietarako irizpideak partekatzea, hala nola, kultura jarduera, herri ekitaldiak, jarduera fisikoa eta kirola, eta hondartzen eta igerilekuen kudeaketa.

«Beste trantsizio neurri batzuk»

Nafarroako lehendakariak, bestalde, «beste trantsizio neurri batzuk» eskatu dizkio Sanchezi sektore ekonomiko jakin batzuentzat, bereziki turismoarekin lotutakoak, eta ERTEak alarma egoeraz harago luzatzeko aukera planteatu du.

Txikiei kalera ateratzea baimentzen hasi diren egunean, Maria Chivitek «zuhurtziaz» aurrera egitearen garrantzia aipatu du, «urrats bakoitza baloratuz, neurtuz eta, beharrezkoa bada, zuzenduz». Bide horretan, herritarrei prebentziorako «tresnak» eman behar zaizkiela defendatu du.

«Trantsizioa antolatzeko aste garrantzitsua hasiko dugu Nafarroan», nabarmendu du. «Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) eta Europako Batzordearen irizpideekin eginen da, baita Osasun Ministerioak autonomia erkidegoekin koordinatuta finkatutako irizpideekin ere». Datorren astean Nafarroako Gobernuko sailen arteko lanean ere aurrera eginen dutela azaldu du.

Jendeak agertoki berriaren antolaketa eta diseinuan parte hartzea ere nahi dute eta, horregatik, arlo eta sektore ezberdinetan erreferenteak diren pertsonekin Batzorde bat osatzea planteatu dute.

Igande honetako bileran, Sanchezek dokumentu tekniko bat aurkeztu die presidente autonomikoei, normaltasunerako itzulerarako lau irizpide finkatzen dituena, ebidentzia epidemiologikoan, osasun baliabideetan, diagnostikorako eta kontrolerako gaitasunean eta herritarrentzako babes orokorrerako neurrien bermean oinarrituak.

Chivitek erran du oinarri horren gainean lan eginen dutela Nafarroan. Adierazle horiek gardenak izan behar dutela aldarrikatu du, normaltasunerako buelta «asimetrikoa» ongi azaltzeko eta jendeak ongi ulertzeko.

Ikasleak eskolara itzultzeari buruz, osasun neurriak bermatzen ahal diren aztertzeko galdegin dio Sanchezi. Berme horiek lortuko balira, baikorra izanen litzateke Nafarroako lehendakariarentzat kurtsoa eskoletan bertan bukatzea, lotura sozialari eta emozionalari eusteko.

Torra: «Zentralizazioak ez du funtzionatu»

Generalitateko presidentea, Quim Torra, izan ohi da bilera hauetan kritikoena. Gaur ere berrogeialditik ateratzeko modua Kataluniatik kudeatzea aldarrikatu du, «zerbait argi gelditu bada konfinamendu fase honetan hori zentralizazioak ez duela funtzionatu izan delako».

Gobernu espainolaren «erabakitzeko moteltasunak krisi humanitario bat» ekar dezakeela azaldu du eta, Urkulluk bezala, konfinamenduaren neurri berriak igandeko bileran eztabaidatu aitzinetik larunbatean aurkeztea gaitzetsi du. «Ez dakit nola erabaki daitekeen Madrilen Kataluniako komunitate mediku eta zientifikoaren aho bateko iritzia aintzat hartu gabe», adierazi du.