NAIZ

Terrazen berrirekiera, aisialditik haratago; osasuna eta negozioa kalean aurrez aurre

Deseskalatzearen 1. fasea, gauzak ondo datorren astelehenean gauzatuko da Hego Euskal Herrian. Beste itxura bat emango die horrek gure kaleei, batez ere euskal hiri batzuetan espazioa bikoizteko asmoa aurreratzen baita. Ezagutzen dugun aisialdia ere itzuliko da. Baina eztabaida eta kezka ugari tartekatzen da afera honetan.

Itsasoari begirako terraza bat, Getxoko Ereagan. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Itsasoari begirako terraza bat, Getxoko Ereagan. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

1. fasearen ondorioetako nagusia terazak irekitzea izango da, beren gaitasunaren %50ean, nahiz eta hasiera baten %30ekoa aurreikusten zen terrazen irekiera, hamar pertsonatik gorako multzoak ez sortzea eta bi metroko «distantzia soziala» gordetzeko baldintzarekin beti ere. Baina osasuna ekonomiarekin talka gero eta nabarmenagoa egiten ari da eta nolabait esan liteke «normaltasun berri» horren bidean, terrazak izango dira aurpegi nabarmenenetakoa. Terrazak irekita iraun lezakete hainbat astez, baina osasun egoerak okerrera eginen balu, itxi egin behar?

Erritmoa, teorian, birusak gizartean duen eraginak ezarriko du eta, jakina, erritmoak Euskal Herri osoan ez dira denak berdinak izango. Hasteko eta bat, Ipar Euskal Herrian uztailaren 2ra arte itxaron beharko da gutxienez tabernak eta terrazak zabaltzeko, eta data zehatza ez da hil honen amaierara arte jakinen. Maiatzaren 11etik aitzina «zirkulazio librea» berrezarriko da Estatu frantsesean. Ondorioz, Ipar Euskal Herriko herritarrek agiri berezirik gabe irten ahal izango dute, eta liburutegi, museo, denda eta haur eskolek haien ateak ireki ahal izango dituzte. Ordea, jatetxe, eta tabernek itxita jarraituko dute.

Bestetik, ikusi egin behar Hegoaldean ere fasetik fasera martxa berberean pasako ote diren Nafarroa eta Euskal Autonomi Erkidegoa, osasun kriterioak ez ezik, bertoko administrazioarenak ere aintzat hartu beharko baitira. Alabaina, semaforoa berde noiz jarriko, motoreak majo berotzen ari dira martxa ahalik eta arinen berreskuratzeko.

Hiriburuetan, errazteko neurriak nagusia

Itxura batean udaletxe ezberdinek legedia moldatzeko enpatxu handirik ez dute izan. Hala, esaterako, Gasteizko alkate Gorka Urtaranen taldeak «Orain Gasteiz» planaren barruan terrazak eta mahaitxoak jartzeko azalera bikoiztea ahalbidetuko du irailaren 30era arte, edo pandemiak ezarritako leku-mugak amaitu arte, «ostalaritzaren sektorearentzat mesedegarriena denaren arabera». Azalera handitze horrek, hala ere, ez omen du du ekarriko ordaindu beharreko tasa handitzea.

Donostian, bestetik, Eneko Goiak zuzentzen duen Udal taldea merkataritza, ostalaritza eta turismo sektoreekin bildu da, Covid-19ak krisiari aurre egiteko abian jarritako neurri lagungarriak jakinarazteko, eta ostalaritza-establezimenduetako terrazak handitzeko «hainbat formula» aztertzen ari dela iragarri du. Udalak Donostiako Barne Produktu Gordinaren %20 ordezkatzen duen sektoreari laguntzeko abian jarritako neurriak jakinarazi dizkiete.

Udalaz gain, Adegi, Gipuzkoako Merkataritza Ganbera, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa, Donostia Shopse, Ba Gera Elkartea edota Donostiako Sustapena elkarteko kideek «sektore horiek bizi duten egoera zaila eta datozen hilabeteetarako aurreikuspen txarrak» azaldu dituzte, eta «jarduerari berriro ekiteko» baldintzak aztertu dituzte.

Goiak jakitera eman duenez, «hainbat formula aztertzen ari da terrazak handitzeko», baita «tokiko merkataritza ikusarazteko online plataforma bat, babes bonuak erosteko sistema bat edo tokiko kontsumoa sustatzeko kanpaina instituzional bat» ere. Alkateak onartu duenez, ostalaritza, merkataritza eta turismo sektoreek «etorkizun zaila dute, eta, beraz, Udal Gobernuaren jarrera erakutsi du eragina arintzeko erabakiak hartzeko».

Aurpegi ilunari begira

Normaltasunerako mugarria baldin bada terrazak irekitzea, ostalaritzako enpresariak beraiek dakite normaltasunik ez dagoela «bestelako neurri ekonomikoekin batera ez badator».

Nafarroako ostalarien elkartearentzat «adar jotzea» da egitasmoa, eta Bizkaiko elkartean uste dute neurri horiekin batera «beste neurri batzuk beharrezkoak» direla «enpresek bizirauteko (aldi baterako lan-erregulazioko txostenei eustea, ekintza protokoloak, alokairuak konpontzea...)». Bizkaiko ostalarien elkartearen esanetan, «egoera aldatzen ez bada, bideragarria den aukera bakarra ez irekitzea izango da».

Ez dira fio ostalaritza elkarteak. Gobernuak berak ere «ez daukala argi uste dugu», adierazi dute Bizkaian. Hor jarri du azpimarra Gipuzkoako ostalarien elkartearen ustez, «laguntza neurri zehatzak bermatu behar zaizkio sektoreari, negozioak eta enplegua mantendu ahal izateko».

Laneko osasunari eta segurtasunari dagokienez, Nafarroako elkarteak salatu du ez dutela patronalak Turismo Ministerioarekin adostutako higiene plana aintzat hartu, eta «ez dugu ez maskararik ez norbera babesteko ekiporik», gaineratu dute. Horren harira, Gipuzkoatik gogorarazi dutenez, ez da turismorik egongo, krisiak erosteko ahalmena jaitsiko du», eta horri «kontsumitzaileen beldurra» gehitu behar zaio.

Horrez gain, herri eta hirietako auzo elkarteak ere denak ez daude gustura terrazak zabaldu behar horrekin. Adibidez, Donostiako Alde Zaharra, Aiete, Intxaurrondo, Herrera-Altza Egia, Gros, Amara Berri eta Ulia auzoetako elkarteek, eta baita Bera-Bera Komunitateen Elkarteaz eta Bizilagunekin herri plataformak, manifestua sinatu dute Donostiako Udalari eta bertoko erantzuleei exijituz eremu publikoa jatetxe eta tabernetako terrazek ez ditzatela bete eta ostalaritzaren ordutegia zabaltzea ez ametitzeko eskatuz.

Elkarte horiek kezkatuta daude Udalak ordenantzak malgutu ditzakeelako «ostalaritzako presio-taldeen kanpaina» dela eta. «Metro karratu gehiago nahi dituzte (terrazetarako), espazio publikoa abandonatuta balego bezala, erabilerarik gabe, eta norbaitek bere mahaiekin kolonizatu zain», salatu dute. «Guztion espazioa» eta «harremanak izateko beharrezkoa den eskubide kolektiboa» aldarrikatu dute.

Ondorioz, ostalaritzako terrazen tamaina handitzea baztertu dute, «erabilera pribaturako, espazio publikoa murriztearen kontura, dagoeneko oso mugatua denean». Horren ordez, Udalari «interes orokorra» defenda dezala eskatu diote.

Bere aldetik, Donostiako EH Bilduk Covid-19aren aurreko denboretako «turismo eredura ez itzutzeko» esaktu dio Eneko Goiak zuzentzen duen Udalari. «Turismoaren burbuila lehertu dela» gogorarazi du.

«Turismo-jarduerak pertsonen mugikortasuna dakar ezinbestean, eta, hain zuzen ere, mugikortasuna murriztea izan da Covid-19 birusaren hedapena saihesteko mundu osoan hartutako erabaki nagusietako bat», azpimarratu du EH Bilduk, eta Donostiak «krisi hau beste inork baino gehiago jasango duela» iragarri du, «turismoaren oso mendekoa den bere egitura ekonomikoaren ezaugarriengatik».