
Gauza asko daude oraindik erabakitzeko eta definitzeko. Agustin Ibarrola (Bilbo, 1930) margolariak sortu zuen ‘Omako Basoa’ erreproduzitzeko Bizkaiko Aldundiak, artistaren familiarekin batera, duen asmoa iragan otsailean iragarri zuen baina geroztik gauza gutxi definitu ahal izan da. Dauden gauza apurren inguruan agerraldia egin du Lorea Bilbao Kultura diputatuak.
Azaldu duenez, obraren erreprodukzioa egiteko lau eremu edo lursail maneiatzen ziren eta horiek aztertu ondoren, horietako bat baztertu egin dute. Ez du arrazoia argitu ordea, eta ezta ere ez du zehaztu zeintzuk diren mahai gainean segitzen duten hiru aukerak. «Guneak ez ditugu esaten prudentziagatik eta errespetuagatik. Ez ditugu espektatiba faltsuak sortu nahi, ezta ere ‘hemen ez, eta zergatik han bai’ moduko galderak», adierazi du. Erantsi du «teknikoki eta ekonomikoki posible dena» egingo dela. Bizi dugun egoerak prozesua egun batetik bestera eten duela tamaldu da, eta beraz gauzak mantso doazela.
Bai da jakina jatorrizko obratik gertu izango dela, Urdaibaiko eremuan, baina zein zuhaitz mota izango den ere ezin da jakin. «Pinua, eukaliptoa… ikusi behar da zer dagoen. Gure asmoa espezie autoktonoa izatea da baina, posible ote da?», galdegin du. Zuhaitzen adina ere kontutan izango du erabakia hartuko duen adituen lan taldeak. Gaur egun, banda marroiaren gaitzak pinudian sortu duen galerari zuhaitzen «zahartzaroa» eransten baitzaie. Horregatik, «denboran iraupena bermatuko duen eremua izango da».
Obraren iragankortasuna
Adituen batzarrak hainbat kide eta erakunde biltzen ditu. Jose Ibarrola semea eta artista plastikoarekin batera arituko dira EHU/UPV eta Ibarrolaren obran orokorrean eta ‘Omako Basoa’n zehazki adituak direnak. Lanak Fernando Bazeta Arte Ederretako fakultateko irakasleak zuzenduko ditu. Biologia fakultatetik Miren Duñabeitiak ere parte hartuko du, Zientzia eta Teknologia fakultateko beste irakasle batzuekin batera. Javier Riaño artista, Guggenheim museoa eta Lucia Agirre arte komisarioa dira, besteak beste, taldeko kide.
Bilbaok aurreratu duenez, adituen batzordea zuhaitzak «totemizatu ote daitezkeen» ikertzen ari da. Enpresek, dagoeneko, ezetz esan dute, ez dute bermerik ematen; batek egingo du ahalegina, emaitzak zeintzuk diren ikusteko, nahiz «basoan bertan egin diren lehen frogek ez duten emaitza onik eman», aitortu du diputatuak. «Erronka polita dago mahai gainean: beste gune batera eraman ote daitekeen. Dena digitalizatuta dago, lan artistikoa berdin-berdin eraman liteke, baina hori emaitzek eta adituen batzordeak erabakiko du».
Egiten dena egiten dela, Bilbaoren hitzetan, ardura hartu duten artistek ez dute «erreplika» hitza erabili nahi, «erreprodukzioa» baizik.
Honen inguruan hausnarketa plazaratu du galderen txandan EH Bilduk. Meritxell Elgezabalek «piezaz pieza» obra artistikoa eramatea posible ote den galdegin du, bere zalantzak erakutsiz. Arte Ederretan lizentziatua, erantsi du kasu horretan ere jatorrizko obra ere ez dela jatorrizkoa izango. «Ibarrolak leku batean egin zuen jakinda desagertuko zela. Hori da arte iragankorraren muina: obrak bizirik denbora batean irauten du, epe muga du», esan du. Edozein kasutan, birsortze lana defendatu du «Ibarrolaren obra denon begietan eta memorian ikurra delako, arte garaikidearen parte delako».
Elgezabal batzarkideari erantzunez, Bilbaok adierazi du zein den helburua: «Iragankor dena iraunkor egin, neurri batean behintzat». «Ikusiko dugu piezak lekuz aldatzen ditugun edo ez eta berriak sortzen diren. Argi dago ‘Oma 1’ ezin dela ‘Oma 2’ izan, baina bai lehenengoaren irudi batzuk egon daitezkeela bigarren horretan. Irudiak oso ondo neurtuak daude, dena digitalizatuta dago. Erreplika zehatza izan daiteke», berretsi du.
Lanak egin bitartean bisitatzeko aukera
Agustin Ibarrolak basoa 1983 eta 1991 urteen artean margotu zuen. Guztira, 61 zuhaitz multzo daude margotuta. Hori bera beste leku batean nola jaso? Eta zein aurrekonturekin? Hori ere ez daki momentuz Bizkaiko Aldundiak berak, ez delako gauza bera lur saila publikoa izatea edo jabe pribatua izatea. Margolanak nola izango diren ere zehazteke dagoenez, ezin ere dirutan kuantifikatu. Lorea Bilbaok bai zehaztu du ordea ez dela zifra «astronomikoa» izango.
Margoketa lanetan Jose Ibarrolaren esku-hartzea ere gakoa izango da, emozionalki zein artistikoki oso lotua baitago bere aitaren sorkuntzari. Noiz hasiko diren epe luzeko gauza izango da, aurretik beste gauza asko erabaki behar baitira, baina behin lanak hasita, Bilbaok aurreratu duenez, «ez da epeetan zertan luzatu». «Behin basoa aukeratuta eta atonduta, ez da obra konplikatua». Arazo handiena eguraldia izango da, margolarientzat onena udaberri-udako sasoia baita. «Eguraldiagatik posible denean hasi eta, estimatzen dut, bi edo hiru urteren buruan egina egon daitekeela». Luzapena garai batzuetan soilik egin daitekeelako eman daiteke.
Iragarri duenez, epeak epe eta luzapenak luzapen, proiektu mota honek «abantaila» bat duela iritzi du Kultura diputatuak: lanak egiten diren bitartean irekita mantentzea posible izango dela, ‘lanengatik irekita’ moduko bat; hala, bisitariek ateak zabaldu eta bertatik bertara ikusi ahal izango litzateke egitasmoaren martxa.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek
