oihane larretxea
DONOSTIA

Joxean Agirrek lan berria aurkeztu du, ‘Nobela errealista bat’

Loiuko aireportuko taxi-gidari bat eta Agirrezabal idazlea dira Joxean Agirrek idatzi duen azken lanaren pertsonaia nagusiak. Lehenak, frankismoan jazotakoak kontatzen ditu autoan; bigarrenak, ETAn ibilitako sator baten inguruan idazten bilatzen du ordura arte izan ez duen arrakasta.

Joxean Agirre idazlea lan berriarekin itzuli da, ‘Nobela erralista bat’. (NAIZ)
Joxean Agirre idazlea lan berriarekin itzuli da, ‘Nobela erralista bat’. (NAIZ)

Joxean Agirre (Azpeitia, 1948) idazleari pertsonaien izenek «enbarazo» egiten diote; horregatik, ‘Nobela errealista bat’ (Elkar) liburuko bi pertsonaia nagusien identitateen inguruan ez dakigu gauza gehiegi. Narratzailearen ahotsa Loiuko aireportuan lan egiten duen taxilariarena dela baino ez eta pertsonaia nagusia Agirrezabal abizena duen idazlea dela. Lehengoa Erandiogoikon bizi da emaztearekin, adosatu batean, eta bizitza aske xamarra daramate, nork bere aldetik. Bigarrena Zarautzen bizi da eta ezkondua dagoen emakume batekin harreman bat du.

Taxilariek asko hitz egiteko duten famari men eginez, lehenengoak ohitura handia du bezeroak eraman eta ekartzeko egiten dituen joan-etorrietan «gure gertuko iraganean, frankismoan» jazo diren ezbeharrak eta gertaerak kontatzeko. Horretarako benetan existitu ziren pertsonen bizitzetan murgildu da Agirre, kapitulu ilunak zein gertaera politikoak orrietara ekarriaz. Gure kulturaz eta politikaz mintzo da kotxe barruan.

Hala, Mario Onaindia sartu du nobelan, baita Mikel Azurmendi, Xabier Arzallus, Jon Idigoras, Santi Iparragirre eta Xabier Zumalde, besteak beste. «Bolada luze bat izan nuen biografiak irakurtzen, konturatzen nintzen bazeudela bizitza bat laburtzen duten gertakari edo pasadizoak, eta bizitzaren konplexutasunak edo misterioak adierazteko balio duten pasarte laburrak», adierazi du ostegun honetan. Hain zuzen, horietaz baliatu da. Taxi-gidariaren ahoan jarriaz, memoria ariketa bat da, neurri batean. Bere ustez «aukera ematen dute existentziari buruz pentsatzeko».

Literaturaren eraginak

Tramaren pisuaren beste zati handi bat Zarautzen bizi den Agirrezabal idazlearen gain erortzen da. Idatzi eta idatzi egiten du, arrakasta handirik gabe baina. Argitaletxetik editoreak fikzioa utzi eta nobela errealista bat idazteko enkargua egiten dio. Mikel Lejarza ‘El Lobo’ ETAn ibilitako satorraren bizitzaz idazten jarriko da orduan. «Editorea konturatzen da karga politikoa duen nobela dela», adierazi du Elkar-etik Xabier Mendigurenek. Eta kasualitatea edo ez, nahita edo ez, Agirrezabal idazlea hilda agertuko da. «Susmatzen da atzean inteligentzia zerbitzuetako kolaboratzaileak daudela». Agian muturra sartu behar ez zuen lekuan sartzeagatik.

Editorea pozarren dago. Susmoa du idazten ari zenarekin duela lotura heriotzak. Argitaletxekoek berehala argitaratu nahi dute, arrakasta izan eta heriotza salatzeko. «Bombazo bat espero dute, nobelak halako eragina izatea susmagarriak atzeman eta auziperatzeko. Eta behingoz euskaraz argitaratutakoak oihartzuna izateko… baina tamalez ez da ezer gertatzen. Inork ez du txintik esaten», zehaztu du Mendigurenek.

Nobelak zehazki eta literaturak orokorrean «gure gizartean duen oihartzun eskasaren inguruko gogoeta bat» da, adierazi du Agirrek berak. «Efikazia politiko urria duela esango nuke». «Nobelak ez du esan nahi ez duenik ezertarako balio. XIX. mende amaieran goia jo zuen nobelak –jarraitu du streaming bidez egindako aurkezpenean–. Literaturak ere badu pentsamendu bat, Javier Mariasek esaten duen bezala, dakiguna espresatzeko balio duen pentsamendua da. Literaturak balio du, jakina, baina ez dut uste gehiegi balio duenik konbaterako, gure errelato famatu horretan papel subsidiario bat duela esango nuke».