NAIZ
DONOSTIA

Gladys del Estali omenaldia egingo diote larunbat honetan, bere heriotzaren 41. urtemugan

Gladys del Estal militante ekologista donostiarra Tuteran guardia zibil batek tiroz hl zuela 41 urte beteko dira asteazken honetan. Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboak omenaldia egingo diote larunbatean, 12.30ean, bere izena daraman parkean. Pandemia egoeragatik ekitaldia egokitu egin behar izan dute. Tuteran elkarretaratzea antolatu dute biharko.

Gladys del Estali iaz egindako omenaldia. (Jon URBE/FOKU)
Gladys del Estali iaz egindako omenaldia. (Jon URBE/FOKU)

Ekainaren 3an 41 urte beteko dira guardia zibil batek Gladys del Estal Ferreño militante ekologista donostiarra tiroz hil zuela Tuteran, Arguedasen eraiki asmo zuten zentral nuklearraren aurkako manifestazio baketsu batean.

Urtero legez, Eguzki eta Gladys Gogoan talde ekologistek omenaldia egingo diote larunbat honetan, ekainaren 6an, Donostian, bere izenez ezagutzen den parkean, Egian. Nolanahi ere, osasun krisiaren eraginez ekitaldia egokitu behar izan dute, ohar batean azaldu dutenez.

Aldaketa nagusia da hitzordua zuzenean goiko ordekan izango dela, hau da, Gladysen oroitarria dagoen lekuan, 12.30ean, eta ez, ohi bezala, parkeko ate nagusian. Aurreskua, lore-eskaintza eta abestiak izango dira baina, oro har, ekitaldia ohi baino laburragoa izango da eta parte-hartzaileen arteko distantziak mantendu egin beharko dira.

Ekitaldia baino ordu erdi lehenago, Gladysen lagun talde bat 12.00etan geratu da Boulevardean omenaldira bizikletaz joateko. 

Antolatzaileek bere oharrean nabarmendu dutenez, «zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura» ez dago ahanzterik, eta gainera «aitortza ofizialik ez da iristen». Izan ere, «azken urteotan, bai Eusko Jaurlaritzak bai Nafarroako Gobernuak aitortzaren bidean egin dituzten urratsek oraindik ez dute fruiturik eman». Aitortza ofizialik ezean, «Gladysek inoiz ez du herritarron aitortza falta izango».

Eguzki eta Gladys Gogoan kolektiboen arabera, Gladys «Tuterara eraman zuten arrazoiak gaur egun ere erabat indarrean daude», eta egun bizi dugun osasun krisiak «areagotu baino ez du egin errotiko aldaketa baten beharra, ingurumena eta pertsonak gehiago errespetatuko dituen ekoizpen, kontsumo eta bizimodu aldaketa baten beharra».

Kolektibo horien iritziz, aldaketa hori egin ezean, «normaltasun berria, normaltasun zaharra baino ez da izango. Hori bai, maskararekin, hau da, krisi ekologikoa zorroztuko da, prekarietate eta desberdintasun sozialak areagotuko dira, herritarrak ahulagoak eta beldurtuagoak egongo dira eta, jakina, askatasuna murriztuko da, ‘segurtasunaren’ hobebeharrez.

Aurtengo omenaldian, Gladys gogoratzeko ez ezik, horretaz guztiaz gogoeta eginarazteko ere aprobetxatu nahi dute.

Duela hilabete, Donostiako Udalak 8,40 euroko ordainagiria helarazi zion Eguzkiri, iaz egindako omenaldiagatik.

Tuteran, elkarretaratzea

Tuteran, bestalde, Bardenas Antimilitaristas kolektiboak deituta, elkarretaratzea egingo dute Gladysen omenez asteazken honetan, ekainak 3, 20.00etan, Ebroko zubian. Bertaratzen direnei lore bat eramateko eskatu diete.