Asier AIESTARAN

Traineruak uretara itzuli dira hiru hilabeteko etenaren ostean

Ia hiru hilabetez lehorrean egon ostean, traineruek berriz ere uretaratzeko aukera izan dute. Erlojuaren aurkako lana dute orain aurretik, uztailean hasiko diren lehiaketetara ahalik eta ongien iristeko.

Orioko neskak, entrenatzera irtetzeko prest, Nadeth Agirre patroi dutela (Jon URBE / FOKU)
Orioko neskak, entrenatzera irtetzeko prest, Nadeth Agirre patroi dutela (Jon URBE / FOKU)

Eguraldia ikusita bazirudien hiru hilabete atzera egin eta martxoa hasieran utzitako puntuan berrekin diotela lanari euskal traineruek. Baina ez, hiru hilabete luze joan dira ontziak azkenekoz uretara irten zirenetik. Lehorreko lan gogor eta askotan esker txarrekoa tokatu zaie denbora tarte horretan arraunlariei eta, horregatik, pozik zeuden berriz ere uretaratzeko aukera izan dutelako.

«Imajinatzea ez zen gutxi, baina eguna iritsi eta horrelako eguraldiarekin entrenatzera irten beharra ere...», zihoen barre artean Gorka Aranberri, Orioko patroiak. «Gogotsu gaude, eta arraunlari guztiok egon gara denbora askoan une honen zain», onartu du uretara irten baino minutu batzuk lehenago.

«Urduri samar, azkenean denbora asko izan da uretara irten gabe», aitortu du Nadeth Agirrek ere, emakumezkoen traineruko patroiak. «Ez nuen uste horren luzerako joango zenik hau. Hasieran beste umore batekin hartzen duzu, baina egunak pasa ahala buruak lan handia egiten du. Gorabeherak denok izan ditugu. Gaurko eguna jarrita zegoen, baina benetan sinistu azken momentura arte ez dut egin», gaineratu du gizonezkoak baino ordu erdi beranduago uretaratu aurretik.

«Egun handia»

Beste askotan bezala, egoeraren irakurketa zentzuzkoa eta pausatua egiten asmatu du Jon Salsamendi entrenatzaile oriotarrak ere. «Garaipena ez, hau ez baita garaipen kontua, baina esan daiteke egun handia dela gaurkoa, zorionez egoera orokorra askoz hobea delako, baina baita azken hiru hilabeteetan errespetu handiz, kautela handiz eta gauzak ahal den ongien egiten, etxean, lanean egon garelako. Prezio hori ordaindu dugu. Geldirik egon izan bagina hiru hilabete horietan gaurko aukera hau ezin izango genukeen aprobetxatu», gogoratu du Salsamendik, arraunlari, tekniko, elkarte, antolatzaile eta ligen lana goraipatuz.

Eta bizitza osoa arraunean eman arren, urduritasun berezi bat sentitzen duela onartu du. «Kuriosoa da, baina urduritasun puntu bat sentitzen dut. Erantzukizuna ere handia da. Batetik segurtasuna bermatu behar horretan obsesio puntu bat ere badago, buruan darabilkizu etengabe, eta bestalde erantzukizuna, zeren begi asko daude guri begira. Nik hori ez dut txartzat hartzen, baizik aukeran moduan. Gauza asko erakutsi ditzakegu, eta gauza horiek onak badira, asko daukagu irabazteko. Gaizki egiten badugu dena galtzeko ere bai».

Konparaketarik ez

Edozein modutan, denek argi dutena da aurtengo prestakuntzak ez duela beste urteetakoarekin zer ikusirik izango, hilabete bakarrik izango baitute traineruarekin uretan entrenatzeko. Gorka Aranberrik, adibidez, bere ibilbide luzean hiru hilabetez traineruan sartu gabe behin bakarrik egon dela aipatzen zuen. «2010ean arrauna utzi nuenetik, gero Urdaibain 2011an hasi aurretik, bost bat hilabeteko geldialdi bat izan nuen», gogoratu du, udazkenean asko jota pare bat hilabetez gelditzen direla gehituz.

«Edozein urtetan ekainak 8rako nik honezkero neurketa asko eginak izango nituzke, bai lehorrean eta bai uretan. Negua nola joan den jakingo nuke, udaberriko testak, ekainean izaten ditugunak… Ekainerako normalean badakizu zein zaren, ez dakizu aurkariak nola dauden, baina zu zein zaren bai. Eta noski, normalean beste urteekin konparatzen zara. Une honetan dena desberdina da. Nik aurreneko gomendioa eman niena arraunlariei izan zen oraingoz ez konparatzeko beste edozein urterekin edo aurkarirekin. Iruditzen zaidalako alferrik dela eta zure buruari ezarriko diozun merezi gabeko zigor gehigarri bat izango dela», aldarrikatu du Salsamendik.

Horregatik, denak bat datoz lehen lana trainerura egokitzea dela azaltzerakoan. «Egin behar duguna da egoera honetara eta trainerura egokitu, motzean baldin bada ere lau aste hauetan prozesu oso bat bete, fasez fase, eta gure aurreneko fasea aste honetan gorputzak, mutilak, taldea traineruari itsasoari, ibaiari egokitzea da. Beste helbururik ez dago. Eta horren bila joango gara. Ikusi egunetik egunera zer hobetu dezakegun, eta gure entrenagarritasun hori noraino luzatu dezakegun egunez egun. Ez dago beste helbururik zeren iruditzen zait gure buruari min asko egingo geniokeela konparaketetan hasiko bagina», gaineratu du Salsamendik.

«Gorputza prestatu»

Modu grafikoagoan azaldu du Aranberrik: «Uretara sartu eta lehen unetik mugimenduan hasiko da trainerua. Ergometroan postura antzekoak erabili arren, bihar jendeak izango dituen gerriko eta ipurdiko minak ikustekoak izango dira. Eta hori bilatzen dugu, orduak sartzen hasi eta gorputza prestatu hemendik hilabete barru hasiko den lehiaketa horri heltzeko».

Arraunlariek bakarrik ez, patroiek ere sentsazioak berreskuratu beharko dituzte hurrengo lau aste hauetan. «Patroiok normalean ez dugu ergometroa egiten. Azkenean pisua zaintzen dugu, beste modu batera, korrika eginez. Hasi nintzen ni ere ergometroa egiten, baina faltan botatzen nuen kanpora atera eta korrika egitea. Azken unera arte ez dugu izan hori egiteko aukera. Eta patroi lana ez da entrenatzen. Atera egiten da, eta ea gaur ateratzen zaidan», zihoen Nadeth Agirrek irribarretsu.

Eta ahalegin horrek guztiak balio dezala zaleek udan arraunarekin goza dezaten. «Guk uretaratzea gozatzeko aprobetxatu nahi dugun bezala, gozarazteko ere irrikan gaude. Denok nahi ditugu banderak irabazi, guk ere bai, baina aurtengo banderarik onena afizioari eta gizarteari gauzak ongi egiteko gai garela erakustea izango da. Ea guk barrutik, afizioak kanpotik eta arraun munduan interesa jartzen duen edonork hori egiten asmatzen dugun: gauzak tentuz ongi egin, penak apur bat ahaztu eta poz apur bat sentitu».