NAIZ
DURANGO

Covid Tasaren bidez 300-350 milioi euroko diru-sarrerak lor daitezkeela dio EH Bilduk

Diru-sarrera publikoak handitzeko proposatu duen Covid Tasaren bidez 300-350 milioi euro gehiago lor daitezkeela kalkulatu du EH Bilduk. Ondarearen gaineko zergari eta sozietateen gaineko zergari aplikatuko litzaieke tasa hori, aldi baterako, «progresibitatean oinarritutako zerga-sistema berria adostu bitartean».

Maddalen Iriarte, EH Bilduko beste hainbat ordezkarirekin, Durangon. (EH BILDU)
Maddalen Iriarte, EH Bilduko beste hainbat ordezkarirekin, Durangon. (EH BILDU)

Durangon egindako agerraldi batean Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak koalizioak diru-sarrera publikoak handitzeko bere planaren berri eman du. Lakuako Gobernuak aste honetan bertan eman ditu datozen hilabeteotarako aurreikuspen ekonomikoak, eta Barne Produktu Gordinaren (BPG) %8ko jaitsieraz gain, 68.000 lanpostu galtzea aurreikusten du. «Zifra horiek erakusten digute erronka handia dugula aurrean herri gisa, eta euskal herritarrak gure onena ematera behartuko gaituela», adierazi du Iriartek.

Egoera «zail» horren aurrean, murrizketak egin beharrean edo Europa eta Estatutik iritsi daitezkeen laguntzen zain egon beharrean, «berehala lanean» jarri behar dela azpimarratu du, «ditugun tresna subiranoak» baliatuta.

Hala, baliabide publikoak handitzeko Covid Tasa bat ezartzea proposatu du EH Bilduk, ondarearen gaineko zergari eta sozietateen gaineko zergari aplikatuko litzaiokeena, aldi baterako errekargu gisa eta «progresibitatean oinarritutako zerga-sistema berria adostu bitartean» indarrean egongo litzatekeena. Aberastasun handiek eta %10etik gorako etekina lortzen duten enpresek ordaindu beharko lukete tasa hori. Koalizioaren kalkuluen arabera, 300-350 milioi euro lortuko lirateke zerga horren bidez.

Covid Tasarekin batera, EH Bilduren beste proposamena «errentagarritasun sozial gutxiko» azpiegitura handietarako moratoria bat ezartzea da, AHT eta Supersur, kasu. «Azpiegitura horiek eraikitzeko luzamenduak urtean diru-kutxa publikoan 1.000 milioi euro aurreztea ekar dezake», ohartarazi du. Diru hori zerbitzu publikoak indartzeko eta kalitatezko enplegua sustatzeko erabili beharko litzateke, Iriartek esan duenez. Borondate politikoa izanez gero, posible eta bideragarria dela ziurtatu du.

Lehendakarigaiak nabarmendu duenez, proposamen hauek «erantzunkidetasuna» dute oinarri. «Gure subiranotasun fiskalaz balia gaitezke baliabide publiko gehiago bilatzeko. Bakoitzak daukanaren araberako ekarpena egin diezaion gizarteari, daukana oinarri hartuta», azaldu du.