NAIZ

EuskarAbentura 2.0 Instagramen bitartez egingo da eta zabalik da jada izen-ematea

EuskarAbentura 2.0, Instagramen bitartez egingo den lehiaketa bat izango da, 2001-2005 urteetan jaiotako gazteei zuzendua, Euskal Herrikoak zein diasporakoak. Parte hartzeko, gazteek bi eta bost lagunen bitarteko kuadrillak osatu beharko dituzte.

Iazko edizioa Portugaleten amaitu zen.
Iazko edizioa Portugaleten amaitu zen.

Zabalik da jada EuskarAbentura 2.0 erronka lehiaketarako izen-ematea. Uztailaren 6tik aurrera 2001eta 2005 artean jaiotako gazteek gehienez bost lagunez osatutako taldeetan hartu ahalko dute parte. Asteroko eta hilabete osoko sariak egongo dira eta parte-hartzaile guztien artean 2021eko espediziorako bi plaza zozkatuko dira.

Antolatzaileek ohar batean azaldu dutenez, gazteentzako kultur eta aisialdi eskaintza asko murriztu den uda honetan, EuskarAbentura Elkartea EuskarAbentura 2.0 proposamenarekin dator, «sortutako hutsuneari aurre egiteko asmoz». «EuskarAbentura 2020an parte hartzeko izen-eman zuten gazteak espediziorik gabe geratu dira aurten, ez ordea uda lagunartean, etxetik kanpo eta euskaraz gozatzeko aukerarik gabe», gaineratu dute.

EuskarAbentura 2.0, Instagramen bitartez egingo den lehiaketa izango da, 2001-2005 urteetan jaiotako gazteei zuzendua, Euskal Herriko zein diasporakoak. Parte hartzeko, gazteek bi eta bost lagun arteko kuadrillak osatu beharko dituzte eta taldea jolasean inskribatu EuskarAbenturaren instagram kontuko biografian dagoen galdetegiaren bitartez.

Uztaila osoan zehar, astelehen, astearte eta asteazkenetan askotariko erronkak proposatuko dira, gazteek taldean eta etxetik kanpo burutu beharko dituztenak eta osteguneko gauerdia baino lehen bidali. Astero talde saritu bat egongo da, eta sari potoloenak hilabete amaieran puntu gehien lortu dituzten hiru taldeek jasoko dituzte.

Horrez gain, erronka guztiak betetzen dituzten taldeetako partaideen artean EuskarAbentura Espedizioa 2021erako bi plaza zozkatuko dituzte: bata adin txikikoentzat parte-hartzaile moduan, eta bestea adin nagusikoentzat, begirale-laguntzaile moduan. Hilabeteko sarien eta zozketaren irabazleak uztailaren 31n argitaratuko dira.

Erronka kolektiboa

Dinamika honen barruan, hilabete osoko iraupena izango duen erronka kolektibo bat jarriko da martxan. «Erronka honek, Euskal Herria eta diaspora sinbolikoki lotu nahi ditu, hain zuzen ere Maule eta EuskarAbenturan parte hartu duten diasporako gazteen herriak: Washington (AEB), Estokolmo (Suedia) eta Viedma (Argentina)», adierazi dute.

Elkarteak gazteak hilabetean zehar ibilaldiak egitera animatzen ditu, horiek Relive aplikazioan grabatu eta instagram bitartez bidaltzera. Partaideetako bakoitzak egindako kilometroak gehituz, Mauletik diasporako gazteengana dagoen distantzia betetzea da erronka.

«Egitasmoak gazteak etxetik irten eta lagunekin ekintza ezberdinak egitera animatzea du helburu, baita, euskararen erabilera gazteen artean sustatzea ere, noski. Elkarteak orain arte egin duen ibilbidean emaitzak espero baino positiboagoak izan dira eta gazteen hizkuntza ohituretan eragiten jarraitu nahi dute, urrunetik bada ere. Izan ere, 2019ko edizioaren erabilera neurketaren arabera espedizioan zehar hitz egin zenaren %83a euskaraz egin zen», gaineratu dute.